Arrasaten egin dute martxoaren 8aren bueltan Itaiak bailaran antolatu duen manifestazioa. Seber Altube plazatik abiatu da 19:00etan, eta alde zaharretik igaro da Biteri plazara iritsi arte. Bertan bat egin dute manifestaziora gerturatutako lagunek, eta, amaitzeko, hitza hartu dute Miren Iturbe eta Itziar Cid Itaiako kideek.
Emakumearen Nazioarteko Egunak izaera iraultzailea berreskuratzearen garrantzia azpimarratu du Iturbek: "Azken urteetan egunaren desitxuratze bat egon da, eta batasun abstraktu batean ematen diren aldarrikapenak eraman dira kalera. Dena dela, guri garrantzitsua iruditzen zaigu benetako interesak eta eskubideak aldarrikatzeko emakume langilea zapaltzen dituen enpresariak eta oligarkak seinalatzea".
Hain zuzen, "desitxuratze" hura erakundeek eta alderdiek eragina izan dela adierazi du Itaiako kideak, eta "eguna edukiz hustu" nahi izan dutela gaineratu du. Hala ere, gaur gaurkoz oso egun garrantzitsua izaten jarraitzen duela uste du Iturbek, batik bat, garrantzitsua delako emakume langileak erdian jarriko dituen proposamen politiko bat kalera ateratzea: "Itaiatik garrantzitsua iruditzen zaigu antolakuntzara batzeko deia egitea; egun konkretuetan jendea mobilizatzea".
Alternatiba iraultzailea, funtsezkoa
Hori horrela, emakume langileen zapalkuntzarekin amaitzeko alternatiba iraultzailea eraikitzea "beharrezkoa" dela adierazi dute, eta, bide horretan, faxismoaren eta matxismoaren aurkako borroka aktibatu behar dela "faxistek eta erasotzaileek ez dezaten kalean lekurik izan".