Martxoak 8 (2026)

Jendetza batu da Arrasaten Martxoaren 8ko aldarrikapenen bueltan

Txomin Madina Milikua 2026ko martxoaren 8a

Arrasateko Mugimendu Feministak deitutako manifestazioa Seber Altube plazatik abiatu da Herriko Plazan amaitzeko. Irrintziek, aldarrikapenek eta kantuek bat egin dute bertan.

12:30etan abiatu da Seber Altube Plazatik Arrasateko Mugimendu Feministak deitutako manifestazioa. Beste hainbat herritan bezala, Beste mundu bat feminismotik. Zapalkuntza sistemen aurrean, antolakuntza eta borroka izan da mobilizazioaren buruan eroan duten pankartaren leloa eta  jendetzak egin du bat ekimenarekin. Hala, Herriko Plaza txiki geratu da manifestazioari amaiera eman dion ekitaldirako.

Emakume Txokoko irrintzi taldeko kideen irrintziekin hasi dute azken ekitaldia, eta ostean, mugimendu feministako bi ordezkarik irakurri  dute Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltako adierazpena. "Askotariko mugimenduetatik gabiltza eragiten, baina guk argi dugu ez dugula feminismorik eta antiarrazismorik gabeko mugimendurik nahi, ezta mundurik ere. Horrexegatik diogu "beste mundu bat feminismotik". Eta hori lortzeko antolakuntza eta borroka dira gure armarik indartsuenak. Emakume, trans eta bollerak kaleak hartzeko prest gaude!. Eraiki ditzagun aliantzak , nork bere lekutik. Elkarrekin nahiz subalternitate propioetatik. Eraiki ditzagun sare sendoak. Askotariko zapalkuntzen bitartez sostengatzen den sistema honi erantzun diezaiogun askotariko gorputz eta borroketatik", esan dute, besteak beste. 

Leire Etxezarreta, Eider garro eta Maider Azakarraugarizar trikitilariek eta Emakume Txokoan Olatz Urkiaren kantu tailerreko hainbat emakumek abestu duten Isilduak kantuarekin amaitu dute ekitaldia. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak