Gaur bete dira 18 urte ETAk Isaias Carrasco Arrasateko zinegotzi sozialista hil zuela San Andres auzoko Navas de Tolosa kalean. Eta urtero legez, toki berean egin dute haren omenezko ekitaldia, Carrascoren emazte Marian Romero eta alaba Sandra buru izan duen lore -eskaintzarekin hasi dena.
Zinegotzi sozialistaren senide eta gertukoez gain, PSE-EEren ordezkaritza zabala ere izan da bertan. Besteak beste, egungo Arrasteko udalbatzako zinegotzi sozialistekin batera, ekitaldian parte hartu dute alderdiaren idazkari nagusi Eneko Anduezak; Jesus Egiguren buruzagi sozialista historikoak; Jose Ignacio Asensio eta Azahara Dominguez foru diputatuek; eta Eusko Jaurlaritzako sailburu Denis Itxasok.
Beste alderdi batzuetako hainbat ordezkari ere izan dira bertan, hala nola, Maider Morras alkatea; Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Arrasateko alkate ohi Maria Ubarretxena; Arrasateko EAJko udalbatzako bozeramaile Ander Garay eta hainbat zinegotzi jeltzale; eta EH Bilduko Gipuzkoako Bozeramaile Maddalen Iriarte.
Egigurenen eta Anduezaren hitzartzeak
Lore-eskaintzaren ostean PSE-EEko lehendakari ohi Jesus Egigurenek eta euskal sozialisten idazkari nagusi Eneko Anduezak hartu dute hitza.
Egigurenek Isaias Carrascoren figura izan du gogoan: "Askok galdetzen dute ea zergatik hil zuten, ez zelako inor ere ez. Baina Isaias asko zen: aita, senarra eta lagunen laguna, izateaz gain, sozialista zen, sindikalista, inguruan zituen pertsonaz arduratzen zena. Zer gehiago eskatu daiteke bizitza honetan?". Era berean, gaineratu du terrorismoa existitu zela isilik egon eta beste aldera begiratu zuen jendea egon zelako, baina era berean, Carrasco bezalakoak ere egon zirela, beldurrik izan ez euren ideiak defendatu zituena: "Atzera pausorik eman ez zuen jende horri zor diogu bakea, tinko mantendu zirelako. Memoria hori barik, bakea ez zen erabat bakea izango; herri honetan gertatu zena ahazten badugu, zerbait gaizki joango da".
PPri eta Voxi mezua
Eneko Anduezak, bere aldetik, esan du Carrasco hil zutela sozialista zelako. "ETAk beldurra zion eta gorroto zuen guztia ordezkatzen zuen: sozialista zen eta inmigrazioaren semea, gutako milaka eta milaka pertsona bezala". Anduezak adierazi baita ere ETA "historia" dela eta "bukatuta eta ondo bukatuta" dagoela: "Argi eta garbi esan nahi dut hori, batzuek konturatu daitezen: ez gaitu mehatxatzen, ez gaitu hiltzen eta hori da batzuek egin bezala beste aldera begiratu beharren edo isilik egon beharrean, konprometituak ginen beste batzuek aurpegia eman genuelako"
Hala, Anduezak salatu du PPko eta Voxeko buruzagi batzuek “haien miseriak eta lotsak” estaltzeko ETAren komodina erabiltzen dutela: "Eguna joan eguna etorri, entzun behar dugu ETA existitzen dela; hark seinalatzen duena guk gauzatzen dugula. Ez dugu horrelako astakeriarik onartuko". "Feijoori eta bere jarraitzaileei eskatzen nahi diet utzi dezatela terrorismoari buruz hitz egiteari liskarra sortzeko helburuarekin. Ez dago eskubiderik entzun behar dugun hainbeste gauza entzuteko. Gu izan gara herri honetan gure bizitza eman dugunak denon askatasuna eta bakea lortzeko. ETAri buruz gezurrik ez esateko eskatzen diet. ETA iragana da eta biktimen oroimenean jarri behar dugu arreta. PPren eta Voxen jarrera Isaias bezalako pertsonen garaipena zalantzan jartzea da eta hori guztiz injustua da", esan du Anduezak.
Beste alde batetik, adierazi du bere garaian "terrorismoa eta demokrazia, indarkeria eta demokrazia bateragarriak" zirela uste zuten horien ibilbide etikoaren zain daudela: "Momentu ona da besteen ispiluetan begiratzeari utzi eta, min eman arren, norbere ispiluan begiratzeko. Beste batzuek, bestelako arrazoiengatik, egin dugu hori eta ziurtatu diezaieket kontzientzia oso bakean uzten duela. Ariketa hori egiteko gonbidapena luzatzen diet, uste dudalako eskertuko dutela, eta, batez ere, euskal gizarteak askoz ere gehiago eskertuko duela".