Hirugarren urtea da Sasoibidek Lilabidea antolatzen duela "emakumeen ahalduntzea" bultzatzeko eta adin guztietako emakumeen arteko "sare bat sortzeko". Ohiko oinezko txangoa hasi baino lehen zumba saio irekia egin dute Biteri plazan, eta adin guztietako jendeak parte hartu du. "Arrakasta handia" izan duela adierazi du Itsaso Nuinek, Lilabide martxa feministako antolatzaileak: "Jende dexente bildu da zumba egitera, eta oso giro polita sortu da inguruan".
Zumba saioa amaitu ondoren, batukadaren doinuek girotu dute Biteri plaza, eta emakumeak martxan jarri dira oinezko txangoarekin. Bost kilometroko ibilbidean, Lilabide martxa feministako parte hartzaileak San Andrestik, Munarretik, Otalora Lizentziaduna kaletik, Maalatik Musakolatik igaro dira Herriko Plazara heldu arte. Nuinek azaldu duenez, eguraldiak lagundu ez badu ere, aterkiak zabaldu dituzte eta erritmo onean aurrera egin dute helmugara iritsi arte.
Egunari dagokionez, "giro ona" azpimarratu du Nuinek, eta herrian gero eta pisu handiagoa hartzen dabilen ekimena dela adierazi du, "adin guztietako gero eta jende gehiago batzen direla" gaineratuz.