Lehenik eta behin, aurkez dezakezu zeure burua eta azaldu zertara etorri zaren.
Nire izena Marcia Edith González Torres da, eta Boliviako Santa Cruz departamenduko Obispo Santistevan probintzian diharduten Bartolinen proiektuen koordinatzailea naiz. Euskal Herrira etorri naiz gure tokiko bazkideekin, Paz y Solidaridad Euskadi erakundearekin, esperientziak eta ezagutzak partekatzeko. Egun hauetan hainbat eragilerekin elkartzen ari gara, eta gaur, gainera, zinema-forum bat egingo dugu Bolivian 2019an gertatutako estatu-kolpeari buruz, feminismo komunitarioaren ikuspegitik.
Nolakoa da emakumeen egoera gaur egun Bolivian?
Errealitateak askotarikoak dira, baina badago datu oso esanguratsu bat: hamar emakumetik zazpik indarkeria jasan dugu gure bizitzako uneren batean. Indarkeria mota asko daude: ekonomikoa, fisikoa, sexuala, psikologikoa edota mediatikoa. Bolivian badugu lege bat emakumeei indarkeriarik gabeko bizitza bermatzeko sortua, baina praktikan askotan ez da betetzen. Arazo nagusietako bat da sistema patriarkalak instituzio guztiak zeharkatzen dituela, baita justizia-sistema ere. Horregatik, askotan zigorgabetasuna nagusitzen da.
Zer lan egiten duzue Bartolinen mugimenduan?
Emakumeen ahalduntzea lantzen dugu hainbat esparrutan. Maila pertsonalean, autoestimua eta indarkeria patriarkalaren aurkako borroka lantzen ditugu, baita emakumeen eskubideen ezagutza ere. Maila ekonomikoan, autonomia ekonomikoa, elikadura-burujabetza eta ekonomia komunitarioa sustatzen ditugu. Zaintzen gaia ere jorratzen dugu, ulertuta zaintzak ez direla soilik familien ardura, baizik eta estatuaren erantzukizuna ere badirela. Maila kolektiboan, erakundea barrutik indartzen saiatzen gara, despatriarkalizazioa barnean ere landuz.
Zenbat emakumerengan duzue eragina?
Guk zuzenean lan egiten dugun eremuan 700 emakume ingururekin aritzen gara. Baina Bartolinen mugimendua nazio mailakoa da Bolivian, egitura zabala duena: konfederazio nazionala, federazio departamentalak, eskualdekoak eta tokiko
Zer da feminismo komunitarioa, eta zer du berezi?
Feminismo komunitarioak sistema patriarkala ez ezik, sistema koloniala eta estraktibista ere zalantzan jartzen ditu. Gure herrien ikuspegitik abiatutako proposamena da. Ez dugu soilik emakumeen bizi-baldintzak hobetzea bilatzen; gure herrien bizi-baldintzak ere bai. Ulertzen dugu emakumeak herritarraren erdia garela, eta herri bat ezin dela ongi egon emakumeak ongi ez bagaude. Horregatik, feminismo komunitarioak zapalkuntza desberdinen arteko lotura aztertzen du: genero zapalkuntza, kapitalismoa, kolonialismoa eta estraktibismoa.
Hemengo mugimendu feministekin harremanak izan dituzu. Zer nabarmenduko zenuke?
Hemengo mugimendu feminista ere oso anitza dela. Antzekotasun asko daude gure borroken artean, nahiz eta testuinguruak desberdinak izan. Hemen, adibidez, eskubide batzuk jada lortuta daude, eta gu oraindik horien alde borrokan ari gara. Baina guk badugu komunitatean oinarritutako antolaketa indartsu bat, eta agian hori hemen pixka bat galdu da, nahiz eta berriro berreskuratzeko ahaleginak egiten ari diren.
Amaitzeko, kontzeptu bitxi bat aipatu duzu: “hayaya”. Zer esan nahi du?
Quechuaz ez dugu eskerrik asko esateko hitz zehatzik, harremanak elkarrenganakoak direlako. Baina zerbait ondo dagoela edo pozik gaudela adierazteko hayaya esaten dugu.