Eneko Carrascal: "Urre honek buruan ate bat zabaltzeko balio izan du, pantaila gaindituko banu bezala"

Xabier Urtzelai 2026ko martxoaren 6a

Carrascal, Espainiako txapelketa irabazi berritan, joan den asteburuan Valentzian. Argazkia: Julen Ortiz de Urbina.

Eneko Carrascalek (Arrasate, 1999) urrezko domina eskuratu zuen joan den asteburuan Valentzian jokatu zituzten Espainiako txapelketa absolutuetan –16,20 metro salto hirukoitzean–, eta hori asko esatea da. Aste barruan urrezko domina horrek daukan balioaren gainean egin du berba GOIENArekin.

Ikerlaneko ingeniari horrek nabarmendu du urrezko dominak, nazioarteko txapelketetako ateak baino gehiago, norberaren burukoak zabaldu dizkiola. Hala, ez da Valentziatik domina batekin itzuli den debagoiendar bakarra izan, Andoni Calbano bergararrak ere zilarra jantzi du-eta 200 metrokoan (21.17). Biak dira Real Sociedad taldeko atletak, eta Joma Kopa irabazi berri dute taldearekin. Ondo hasi dute 2026a.

Maila absolutuan Espainiako txapeldun izatea ez da kategoria txikietan izatea bezala...

Ez, hau beste kontu bat da. Kategoria guztietan Espainiako txapeldun izandakoa naiz, baina maila absolutuan ez zara zure adineko atletekin soilik lehiatzen, Estatuko onenak dituzu aurrean. Sekulako ilusioa egin dit urre honek; orain arteko lorpen handienetakoa da, handiena ez bada. Atletismoan bete beharreko helburuetan lehenago ere check batzuk eginak nituen, batzuk oso jarraian, baina azken urte hauetan kosta egin zait aurrera egitea, eta hau garrantzitsua izan da. Maila honetan, hobekuntza txikiena egiteko, lan handia egin behar da.

Zer moduzko negua izan duzu? Izan ere, jauzilariona modalitate gogorra izaten da.

Bai; inpaktu asko jasotzen ditugu eta erraza izaten da min hartzea. Iaz, esaterako, oin-zolako faszia hautsi nuen, min hartuta ibili nintzen, baina pista estalian 16,20ko marka egin nuen lehenengoz, eta orain marka berbera lortu dut. Kontua da urtarrilera arte oso ondo entrenatu naizela, baina belaunean min sentitzen hasi eta azken hilabeteotan baldintzatu samar ibili naiz. Geratu beharrean, jarraitzea erabaki dugu, ikusi dugu posible zela ariketak egokituta lehiatzen jarraitzea, eta, zorionez, txapelketa ondo egin ahal izan dut. Orain emango diogu atseden belaunari.

Zelako txapelketa izan da?

Ramon Adaliaren eta bion artean egon zen urrea jokoan. Oso ondo ezagutzen dugu elkar. Bagenekien Jordan Diaz ez zela egongo [Espainiako jauzilari onena, 2024ko Udako Olinpiar Jokoetan, Parisen, urrezko domina irabazi zuen, 17,86ko jauziarekin], eta horrek eragina izan zuen. Ramon eta biok nahiko petral hasi ginen, baliorik gabeko jauziak egiten... bistan zen ez geneukala arriskatzeko asmorik; izan ere, inoiz baino eskurago geneukan urrea, eta aukera aprobetxatu behar zen. Halako batean, zirt edo zart egitea erabaki nuen, eta 16,20ko marka ikusi nuenean banekien, %99ra, urrea poltsikoan neukala.

Zelan dator aire libreko denboraldia? Urre honek ezer aldatuko du?

Ez dugu aldaketa handirik egingo. Realarekin klub moduan ligan ditugun konpromisoak beteko ditugu, eta, akaso, urre honek uztailean nazioarteko meeting bateko ateak zabalduko dizkigu, baina aire librekoa orain artekoa bezalakoa izango da. Uztailean Espainiako Txapelketa absolutua izango dugu, eta abuztuan Europako Txapelketa jokatuko dute, Birminghamen.

Bertan egoteko esperantzarik?

Oso zaila izango da, hori badakigu. Orain ere gutxieneko marka gehiegizkoa da, 16,65 eskatzen dute bertarako zuzen sailkatzeko, eta marka horretara iristeko tarte handia geratzen zait. Baina, lehen esan bezala, uste dut urrezko domina honekin neure buruan ate bat zabaldu dudala, bideojokoaren pantaila pasatuko banu bezala. Zergatik jarriko dizkiogu mugak 16,65eko horri? Marka bat bisualizatzeak laguntzen du marka hori egiten, gose hori izan behar da. Nik amorru hori behar dut motibatzeko.

Lasterketa aurretik zerekin motibatzen zarete?

Kuriosoa da. Andonik [Calbano], adibidez, ezin du 200 metroko lasterketa amorruz egin, kontrolpean izan behar ditu emozioak, lasterketan zehar igarri egin behar duelako gorputza solte daukala; zelanbait esanda, airean doala. Ezin du uzkurtuta korrika egin. Jauzilariok, ostera, txorakeriak egiten ditugu gure saioen aurretik, publikoari eskatzen diogu txalo egiteko, adoretu egiten gara... Momentu konkretu bateko eztanda da.

Zu zelan motibatzen zara?

Epaileek dei-kamera deritzon gelara deitu aurretik musika entzuten egoten naiz, horrekin motibatzen naiz, gero gailu elektroniko guztiak kendu egiten dizkigutelako. Edo bizitzako pasarte txar baten zentratzen naiz, edo txapelketa ona egiteko babesa eskaini didaten lagun horiengan pentsatzen dut...

Ezin ahaztu Andoni eta biok Realarekin Joma Kopa irabaztetik zatoztela.

Oso polita izan da; bereziki, taldeko lorpena izan delako. Beste talde batzuetan fitxaketak egiten dituzte eta atleta bakoitza bere kasa ibiltzen da, baina gu taldea gara, harreman oso ona dugu gure artean eta Reala gure sentitzen dugu.

Amaitzeko, kuriositatea dut: urrea irabazi aurretik zer egon zinen entzuten?

Never Surrender.

Motzean

Motibatzeko entzuten duzun beste musika talde bat?

Non Servium.

Arrasateko txoko bat?

Mojategi.

Hori masoka samarra izatea da...

[Barre] Bai, bai...

Janari bat?

Oilaskoa. Laban edo prijituta, berdin zait.

Zapatila marka bat?

Puma.

Aire librean posible da pista estalian egin duzuna errepikatzea?

Jordanen [Diaz] arabera. Beste maila batean dagoen atleta da.

Zertan zara friki samarra?

NBA jarraitzen dut dezente. AEBtan bizi izan nintzenean zaletu nintzen, eta gaur arte.

Talde gustokoena?

Oklahoma City Thunder.

Eta jokalari bat? 

Shai Gilgeous-Alexander
 
Gehien jarraitzen duzun kirola da?
 
Denboraldiaren arabera. Txirrindularitza ere jarraitzen dut, atletismoa, pilota... Futbola geroago eta gutxiago jarraitzen dut.
 
Txirrindularitza esan duzula, lasterketa bat?
 
Paris-Roubaix.
 
Eta ziklista bat?
 
Pocaçar [Barre].
 
Amaitzeko, zerotik hamarrera, Mojategiko entrenamendu saioetan zenbat botatzen dozu faltan iaz erretiroa hartu zuen Malen Ruiz de Azua?
 
Astean bizpahiru egunetan etortzen da! [Barreak] Egia esan, oso garrantzitsua da niretako.
 
 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak