TAO sistema eguneratzeko parte hartze prozesua jarri du martxan Arrasateko Udalak

Gontzal Belategi Zubia 2026ko martxoaren 9a

Pertsona bat TAO zerbitzua erabiltzen.

TAO sistema arautzen duen ordenantza eguneratzeko prozesua abiatu du Udalak, aurretiazko kontsulta publikoaren fasea irekiz. Gaurtik apirilaren 13ra bitarte egongo da irekita ekarpenak aurkezteko epea.

Aparkatze eta Igarotze Mugatuko Sistema (TAO) arautzen duen 1/2021 Udal Ordenantza berrikusteko eta eguneratzeko prozesua abiatu du Arrasateko Udalak. Eguneratze hau egiteko aurretiazko kontsulta publikoaren fasea ireki dute gaur, interesa duten herritar, erakunde zein elkarteek iritzi eta ekarpenak aurkeztu ahal izateko. Udalaren web atarian eta BAZen sarrera ofizialean egin ahalko dira ekarpenak, apirilaren 13a baino lehen.

Udalak jakinarazi duenez, gai hauei buruzko iritziak jasoko dira: Ekimenarekin konpondu nahi diren arazoak, arauaren behar zein egokitasuna eta lortu nahi diren helburuak. Udal teknikariek egindako ekarpen guztiak aztertuko dituzte,ordenantza berria hauek kontuan hartuta idatzi ahal izateko. Idatzi, eta hasieraz onartu ostean, aurrez-aurreko saioak egingo dituzte, "txertatu diren ekarpenak azaltzeko, eta alegazio prozesua irekitzeko".

Berrikuspenaren arrazoiak

2021eko martxoaren 2an onartu zen egun indarrean dagoen ordenantza, eta geroztik bi aldaketa egin zaizkio, bata 2022an eta bestea 2025ean. Bost urte igarota, Udalak, "berrikuspen zabalagoa" egiteko garaia dela erabaki du, "TAO zerbitzua hobetu eta herritarren beharretara egokitzeko".

Udalak hiru arrazoitan oinarritu du berrikuspen honen beharra. Alde batetik, Mugikortasun plan berria aipatzen dute, honek, "trafikoan eta aparkalekuetan eragina duten neurriak jasotzen" dituelako, "TAO sistema horretara egokitzea" beharrezko bilakatuz. Urte hauetako esperientzia ere aipatzen dute, "sistema indarrean egon den urteotan, hobetu daitezkeen alderdiak identifikatu" dituztelako. Azkenik, kudeaketa kontuak aipatu dituzte, TAO sistemaren zerbitzu-kontratua 2027an amaituko delako, eta aurretik, "sistema egonkor eta eguneratua bermatuko duen araudia izatea" beharrezko ikusten dutelako.

Sinlifikatzea eta eguneratzea helburu

Berrikuspenaren azken helburua "TAO sistema arautzen duen ordenantza sinplifikatzea eta eguneratzea" dela azaldu dute, "argiagoa eta eraginkorragoa izan dadin, eta udalerriko mugikortasun-politikekin lerrokatuta egon dadin". Bestalde, jakinarazi dute ez dutela bestelako aukera erregulatzaile edo ez-erregulatzaile esanguratsurik aurreikusten: "Ordenantzaren berrikuspena da proposatutako bidea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak