Amenabarrek 80 etxebizitza eraikiko ditu Legarreko pabiloi zaharraren eremuan

Eki Letona Erretolatza 2026ko martxoaren 5a

Legarreko etxebizitzen Amenabarren proiektua. Argazkia: Amenabar.

Legarre Berria izenarekin Amenabar enpresak 80 etxebizitza izango dituen sustapen bat egingo du Legarreko pabiloi industrial zaharra zegoen eremuan.

Oraintsu eman du sustapenaren berri Amenabarrek. 80 etxebizitza izango dituen eraikinaz gain urbanizazio lanak ere egingo dituztela iragarri dute. Proiektuaren arabera, oinezkoentzako "espazio zabalak" eta 2.200 metro koadro baino gehiago izango dituen plaza publiko bat egingo dute, eta eremua lotuko dute Deba ibaiaren pasealekuarekin. Gune berdeak ere izango dituela eman dute jakitera.

Legarre Berriko eraikinak L itxura izango du, eta bost atari eta zazpi solairu. Etxebizitza mota ezberdinak izango dira bi eta hiru logeladunak. Goiko solairuetako etxebizitzak eta atikoak ere egongo dira; Amenabar enpresatik adierazi dutenez, azken horiek 241 metro koadro arteko terrazak izan ditzakete. Eraikinak energia berriztagarrien sistemak izango dituela gaineratu du enpresak, besteak beste, berokuntza eta ur beroa sortzeko sistemak eta eguzki plakak.

Dagoeneko abian da salmenta fasea, eta prezioei dagokienez 230.000 eurotik gorakoak izango dira.

2003ko proiektua

Eremu horren garapena aurreikusita zegoen lehenagotik. 2003an onartu zuten zona urbanizatzeko lehen proiektua. Orduan, Landu enpresa sustatzailea (Amenabar taldekoa) jabeekin negoziatzen hasi zen, bertan zeuden jarduerak beste industria-eremu batzuetara lekualdatzeko edo konpentsazio ekonomikoak adosteko.

2007ko maiatzean onartu zuen Udaleko Gobernu Batzarrak, hasieran, behintzat, Legarre ingururako proiektua. Horren arabera, industria pabiloiak zeuden orubean, asko jota, 80 etxebizitza eta, gutxienez, 169 aparkaleku eraikiko zituzten. Udalbatzak 2008ko ekainean onartu zuen Legarre pabiloia bota, eta etxebizitzak eraikitzea, Gipuzkoa etorbidera begira. Hori guztia egiteko Legarre pabiloia bota beharra zegoen.


Legarre pabiloi ingurua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak