Bartolinak emakume boliviarren erakundea dira, eta emakume baserritarren, indigenen eta jatorrizkoen parte-hartze osoa dute helburu erabaki politiko, ekonomiko eta sozialak hartzerakoan, antolatzaileek nabarmendu dutenez.
2019ko estatu kolpea eragin zuten prozesu historikoetan zehar ibilbidea eginez, Boliviako egoera soziopolitikoa testuinguruan jartzea du helburu jarduerak, "arreta berezia" jarriz emakumeak zeharkatzen dituzten "indarkeria politiko, arrazista eta estrukturaletan", diotenez. "Esparru horretatik abiatuta, giza eskubideen defendatzaile gisa antolatutako emakume nekazari eta indigenen zereginean sakonduko da, haien prozesu kolektiboak eta erresistentzia estrategiak ikusaraziz".
Era berean, dokumentalak Bartolinen lan integralera hurbiltzeko aukera emango du. "Lan horretan, emakumeen aurkako indarkeria fisiko, psikologiko eta sexualen aurkako borroka, osasunaren eta sexu- eta ugalketa-eskubideen sustapena, parte-hartze politikoaren hobekuntza eta parte-hartze despatriarkalizatu eta eraldatzailerako tresnen prestakuntza, eta ahalduntze ekonomikoa, landa-garapena eta eragin soziala landuko dira, hezkuntza-, komunikazio- eta komunitate-programen bidez".
Finean, herri antolakuntza eta eskubideen defentsaren inguruan hausnarketa kritikorako eta elkarrizketarako espazio bat sortzea da asmoa, Bartolinen testigantza eta esperientzia ardatz hartuta. "Martxoaren 8aren baitako ekintza honek herri antolakuntza eta eskubideen defentsaren inguruko hausnarketa kritikorako eta elkarrizketarako espazio bat sortu nahi du, Bartolinen testigantza eta esperientzia ardatz hartuta", bukatu dute.
