Arrasateko EAJ arduratuta azaldu da azkenaldian herrian izandako harrapaketa, tiroketa eta lapurretengatik. "Bide-segurtasunarekiko kezka, azken urteetan izandako harrapaketen ondorioz, eta segurtasun integrala, lapurreten eta tiroketen ondorioz, areagotu egin dira bizilagunen artean", nabarmendu dute, negozio bat, behintzat, itxi egin behar izan dutela gaineratuta, "jasandako lapurretengatik".
EAJren udal bozeramaile Ander Garayk adierazi duenez, segurtasuna da "Udalaren ardura nagusietako bat", eta "premiazkoa" da udalerriko segurtasuna bermatzeko "neurri egokiak" hartzea, haren esanetan.
Azpimarratu duenez, jeltzaleek "behin baino gehiagotan" proposatu diote Udal Gobernuari Arrasateko kale nagusietan segurtasun kamerak jartzea, "bide segurtasunaren hobekuntzan beste pauso bat emateko" eta, aldi berean, "segurtasun integrala indartzeko" tresna gisa. Azken proposamena 2026ko udal aurrekontuen negoziazioan aurkeztu zutela diote, eta Gobernuaren aldetik ez dutela jaso erantzun positiborik. "Hori hala, aitzakiak jartzeari utzi eta guztion segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurriak ezartzeari ekitea nahi dugu".
Urretxuko adibidea jarri du Garayk. "Han kamerak instalatzeak nabarmen lagundu du delinkuentzia murrizten eta bide-segurtasuna handitzen". Azkenik, kamerak jartzea lehen pausoa izan beharko litzatekeela uste dute jeltzaleek, "gero beste neurri asko hartzeko, Arrasaten segurtasun integrala lortzeko".