Hirigintza genero-ikuspegitik aztertzeko prozesuaren emaitzak, martxoaren 11n

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko martxoaren 4a

Arrasateko Udalak genero-ikuspegitik eta begirada intersekzionaletik egindako hirigintza-diagnostikoaren prozesua amaitu du, eta orain emaitzak herritarrei aurkezteko unea da. Horretarako, deboluzio eta balioeste saio irekia egingo da, prozesuan parte hartu duten herritar eta eragileei zuzenduta, zein herritar guztiei irekia. Saioa martxoaren 11n egingo dute, Kulturateko Loramendi gelan (18:30). 

Arrasateko Udaletik adierazi dutenez, egindako lanaren helburua izan da Arrasatek hiri-mailan dituen arazo, behar eta potentzial nagusiak identifikatzea, betiere genero-ikuspegi eta ikuspegi intersekzionaletik. Diagnostikoa teknikoa eta parte-hartzailea izan da, eta abiapuntua izango da hemendik aurrera, herritarrekin eta udal-taldearekin batera, helburu estrategikoak eta ekintza zehatzak definitzeko. "Hirigintza feministak eguneroko bizitza jartzen du politika publikoen erdigunean. Horrek esan nahi du espazio publikoak planifikatu eta diseinatzerakoan pertsona guztien eguneroko jarduerak —zaintza, lana, aisialdia, harremanak— kontuan hartzen direla, eta bizitzaren esparru guztietan (produktiboa, erreproduktiboa, pertsonala eta komunitarioa) berdintasuna sustatzen dela", gaineratu dute. 

Lau azterketa eremu, hamaika erronka

Arrasate lau eremutan banatu dute, auzoen kokapen eta ezaugarrien arabera, eta eremu bakoitzean eguneroko bizitzan eragina duten alderdiak aztertu dira. Honako hauek dira eremu horiek:
1. Eremua: Alde Zaharra, Ferial, Txaeta eta San Andres. 
2. Eremua: Altamira, Makatzena, Santa Marina, Santa Teresa eta Musakola. 
3. Eremua: Zarugalde, Gorostiza, Uribarri, Uribe eta Munar. 
4. Eremua: Landa-eremuko auzoak: Bedoña, Udala, Meatzerreka, Garagartza eta Gesalibar. 

Honako erronka hauei erantzuteko ekintzak antolatuko dituzte: segurtasun-pertzepzioa bermatzea genero-ikuspegi intersekzionaletik; pertsona guztien autonomia hobetzea espazio publikoan; bizitasuna, erabilera-aniztasuna eta pertsona-aniztasuna handitzea; jolaserako eta jarduera fisikorako ingurune seguru eta atseginak sortzea; berdeguneetara eta natura-guneetara sarbidea erraztea; udalerriko aniztasuna modu erreal eta sinbolikoan ordezkatzea; eta barne-konektibitatea eta mugikortasun aktiboa sustatzea. 

Ekintzak bi mailatan antolatu dira: herri mailako jarduketak (izaera egituratzailea dutenak eta udalerri osoan eragina dutenak) eta auzo mailako ekintza zehatzak, auzo bakoitzeko puntu konkretuetan garatuko direnak. Horrez gain, sentsibilizazio-kanpainak ere aurreikusten dira, indarkeria matxista —bereziki kale-jazarpena— desagerrarazteko eta espazio publikoaren zaintzan herritarren erantzunkidetasuna sustatzeko.

Herritarren parte-hartzea eskatu dute

Saio irekiaren helburua da egindako lana partekatzea, jasotako ekarpenak balioestea eta aurrera begirako urratsak elkarrekin kontrastatzea. Udalaren ustez, "ezinbestekoa" da herritarren parte-hartzea, herri anitzagoa, zaintzaileagoa eta iraunkorragoa eraikitzeko. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak