Ekimenaren sustatzaileen arabera, "mugarri garrantzitsua" izango da martxoaren 12ko saioa: "Hainbat saio, elkarrizketa gune eta auzo topaketen ondoren, prozesua mugarri garrantzitsu batekin amaituko da: herritarrekin partekatuko dira auzotarrek egindako ekarpen, hausnarketa eta proposamenetatik abiatuta definitu diren jarduera eta ekintzak. Azken bilera hau pertsona guztiei dago irekia, eta bereziki gonbidatu nahi dira aurreko bileretan parte hartu duten guztiak, euren ideiak eta ekarpenak eginez prozesua aberastu dutenak. Aukera paregabea izango da prozesuari elkarrekin amaiera emateko, emaitzak ezagutzeko eta egindako lana eskertzeko.
Gainera, saioa amaitzean luntxa eskainiko da bertaratzen direnentzat, giro lasaiago batean iritziak partekatzeko eta proiektu osoan zehar landu den komunitate izaera indartzeko".
Pertsonak eta natura erdigunean Arimazubin
Plaza Biziren helburua Arimazubi pertsonak eta natura erdigunean jartzen dituen auzo bihurtzea da: autonomiaz eta segurtasunez mugitzeko modukoa, mugikortasun berdeko ardatzek eta naturguneek konektatua, eta autoen presentzia murriztuz ongizatea, elkartasuna eta komunitate-bizitza indartuko dituena: "Auzotar eta eragile guztiak animatzen ditugu martxoaren 12an, 17:30etik aurrera, Arimazubi LAB Espazioan (Arimazubiko eliza zaharrean) egingo den aurkezpenera bertaratzera, itxiera kolektibo honetan parte hartu eta proiektuaren hurrengo urratsak zeintzuk izango diren bertatik bertara ezagutzeko", adierazi dute.