Joana Manzisidor Akizu Jow artista eta sortzaile arrasatearrak egin du kartela, eta egindako lana aurkezteaz batera egitarauaren berri ere eman du te prentsaurrekoan.
Azken bi urteetan herriko artista emakumeek egin dute M8ko kartela, lehiaketa deitu beharrean, izan ere, "azken urteetan emaitza ez zen nahi bezalakoa izaten ari, eta ondorioz kartela Arrasateko emakume artistei enkargatzea erabaki genuen. Horregatik, aurten Jow herriko emakume artistari luzatu diogu kartela egiteko proposamena" azaldu du Eva Abuin, Feminismoak eta LGTBIQ+ zinegotziak.
Joana Manzisidor artistaren kartela
Manzisidorrek, bere aldetik, kartelarekin transmititu nahi izan duenaz galdetuta, hauxe erantzun du: "Batetik, umeekin etorkizuna irudikatu gura izan dut eta gurpila aukeratu dut elementu hau bultzatzearen jolasak aurrera joate bat errepresentatzen duelakoan. Eta bestetik Atzera pausorik ez! leloa kartelean jaso nahi izan dut, azkenaldian hainbeste entzuten diren feminismoaren aurkako diskurtsoei kontrapuntua jartzeko, eta nolabait azpimarratzeko eskubideen alorrean borrokatu eta lortu dena ezin dugula galdu".

Elkarlanaren emaitza aurtengo egitaraua
Aurtengo M8ko egitarauak ekimen sorta zabala jasotzen du, halaxe adierazi du Amets Beltran de Gebara berdintasun teknikariak. Hala, herriko kolektibo feministak, Emakume Txokoak eta Sasoibidek osatu dute aurtengoa.
Egitarauaren baitan, hainbat ekimen eta emanaldi jasotzen dira, bai Emakume Txokoak eta baita ere herriko eragile ezberdinek antolatu dituztenak. Berdintasun teknikariak "herritar guztiak" gonbidatu ditu "aldarrikapen egun horren testuinguruan antolatu diren askotariko ekimenetan eta mobilizazioetan parte hartzera".
Martxoak 8ko egitarauari hasiera emateko, Esne Berriketan bertso saio literario musikatua izango da martxoaren 5ean JAMEko auditorioan. Uxue Alberdi herriz herri istorioak biltzen aritu da bi urtez eta nagusiki emakumeek kontaturiko istorioak bildu ditu Esne berriketan izeneko liburuan. Liburua aurkezteko bertso-saio literarioa antolatu du Iban Urizar Amorante musikariarekin eta lagun bertsolariekin. Arrasateko saioan Nerea Ibarzabal eta Alaia Martin arituko dira bertsotan.
Martxoak 7, zapatuan, Emakume artisauen eta bertako ekoizleen azoka antolatuko da. Azokak eskaini nahi die plaza emakumeek sortutako artisau lanei eta emakumeek ekoiztutako bertako produktuei. Azoka goizeko 10:00etatik 14:00etara izango da Seber Altube plazan. Zehazki 24 postuk osatuko dute aurten azoka, eta besteak beste ogia, eztia, gazta eta tankera ezberdinetako gozoak erosi eta dastatzeko aukera eskainiko da. Artisauei dagokienez, askotariko lanak ikusi eta erosi ahal izango dira. Mota eta material ezberdinez egindako bitxiak, eskuz egindako arropak, poltsak, xaboiak, ukenduak etab. Eta horrez gian, bereziki etxeko txikientzako txapak egiteko tailerra eskainiko du Txatxilipurdik. Eguraldi kaxkarra balego, Seber Altuben gabe, Azoka Plazan antolatuko litzateke azoka.
Bestetik, Sasoibide elkarteak, 11:30ean Biteri plazatik abiatuta III. Lilabide antolatu du, emakumeei zuzenduriko ibilaldia hain zuzen. Ibilaldia abiatu aurretik baina, beroketa lanak egiteko, 10:30an Zunba egiteko aukera egongo da. Eta hau guztia girotzeko 11:15ean Batukadaz gozatzeko aukera ere egongo da.
Mobilizazioak
Martxoaren 8arekin jarraituz, Arrasateko Mugimendu Feministak mobilizazioak antolatu ditu. Eguerdiko 12:30ean Seber Altube plazatik abiatuta, Beste Mundu bat feminismotik. Zapalkuntza sistemen aurrean:antolakuntza eta borroka lelopean manifestazioa antolatu du. Herriko plazan bukatu da manifestazioa. Ostean kantu poteo feministaz gozatzeko aukera izango da, Emakume Txokoko Kantuz saretzen topaguneko kideek girotuta besteak beste. "Aurretik adierazi bezala, azpimarra jarri nahi diegu ekimen hauei eta herritarrei dei egiten diegu bertan parte hartzera" azaldu du Eva Abuin, Feminismoak eta LGTBIQ+ zinegotziak.
Egitarauarekin jarraituz, martxoak 12ra jauzi egingo dugu. Jokin Zaitegin izango dugu hitzordua, Romani Hadin II Euskal Herriko historian emakume ijitoek utzitako arrastoen ondoren liburuaren aurkezpenarekin.
AMUGE Elkarteko Noemi Amaya Garciak aurkeztuko du liburua, Emakume Txokoko Irakurketa feministen guneko kideen eskutik. Liburua, emakume ijitoen memoria berreskuratzeko egindako ahaleginaren emaitza da. Antigitanismoaren aurka borrokatzeko eta Historiarako garrantzitsuak izan diren hainbat emakumeen historia eta ekarpenak berreskuratzeko ariketa bat egin dute AMUGE Elkartetik.
Liburuko protagonistak garai desberdinetan bizi izan ziren adin, jatorri eta lanbide desberdinetako emakume ijitoak dira. Euren jakintzak, erresistentziak eta borrokak jasotzen dira liburuan, emakume horiek ahanzturatik atera eta kontaketa propioa, ijitoa, kolektiboa eta feminista eraikiz.
Eta egitarauekin amaitzeko, martxoaren 28an hausnarketa sustatzeko helburuarekin, feminismoa guztiontzat tailerra antolatu da Emakume Txokoan. Horretarako Idoia Eizmendi formatzaile feminista gonbidatu dugu. Tailerrean borroka feministei esker emakumeen bizitzak nola eraldatu diren hausnartuko da. Eta feminismoaz dihardugunean, zehazki zertan dihardugun ere argitzen saiatuko da Idoia. Izan ere zer da Feminismoa, teoria politiko bat da? Gizarte-mugimendu bat? Horrez gain, feminismoaren oinarrizko kontzeptuak eta proposamenak modu erraz eta ulergarri baten lantzeko proposamena eskaini nahi du tailerrak. Tailerrean parte hartu nahi izatera, Emakume Txokoan izena eman beharko da.