EKKO programaren baitako familia saioak egingo dituzte martxoan

Mirari Altube Arrese 2026ko otsailaren 27a

Ikasturte honetako EKKO (Eskola-Komunitatea-Kirola-Osasuna) programako bigarren familia saioak antolatu ditu Arrasateko Udalak, aurrekoan legez ikastetxeekin, Txatxilipurdirekin, Leintz Eskola Kirolarekin eta San Juan de Dios Ospitalearekin elkarlanean. Martxoaren 9tik 12ra bitartean izango dira saioak eta izena emateko epea zabalik dago.

Arrasateko aurre-nerabeengan gizarte trebetasunak sendotzea da proiektuaren helburua. Eta bigarren hiruhileko honetan, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleekin erabakiak hartzea eta arazoak konpontzea landu dira, "eguneroko egoerei modu arduratsu eta eraikitzailean aurre egiteko tresnak eskainita".

Programaren arrakastarako gurasoen inplikazioa funtsezkoa dela ikusita, hiruhilekoan behin familia saioak antolatzen dituzte. Saio horietan, gurasoek bakarka edo seme-alabekin batera parte hartu ahal izango dute, eta dinamika parte-hartzaileen bidez programako bost moduluetako edukiak landuko dituzte.

Hurrengo familia saioak martxoaren 9tik 12ra bitartean izango dira, 18:00etatik 19:30era, Gaztelekuan. Eta udalak familiei parte hartzeko deia egin die, "haur eta nerabeen ongizatea eta garapen integrala elkarrekin sustatzeko".

Izena emateko epea dagoeneko zabalik dago eta martxoaren 4an itxiko da. Parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete online edo BAZera deituta: 943 25 20 00.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak