Musika elektronikoa eskualdean sustatzeko helburuarekin, Talka elektronika topaketa

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko otsailaren 27a

Iban Borgas DJ BRGS, Talka topaketan izango den musikarietako bat. Argazkia: Dantz Radio.

DJ saioak eta bigarren eskuko azoka izango da bihar, zapatua, Arrasateko gaztetxean.

Debagoieneko musika eszena zabala da, eta hala izan da beti, garaiaren eta herriaren arabera argazki hori ezberdin ikusten bada ere. Azkeneko urteetan musika elektronikoak gorakada izan du eskualdean; horren erakusle da estilo horretan jarduten duten musikarien kopurua eta maila. Hamabost urte baino gehiagoko ibilbidea du Aretxabaletako Ezkutu Club-eko Iban Borgas DJ BRGS-k, eta hainbat dira bultzatu dituen ekimenak; horien artean, bihar, zapatua, estreinakoz Arrasateko gaztetxean egingo duten Talka elektronika topaketa. "Eskualdean musika elektronikoa sustatzea da gure helburua, ez dago-eta halako aukera handirik", dio antolatzaile taldeko DJ BRGSk.

18:00etan hasiko da ekitaldia, biniloak, bitxiak, arropak eta bestelako osagarriak eskuragarri izango diren bigarren eskuko azokarekin: "21:00ak arte izango da eta dohainik izango da sarrera".

Bost musikari

Kartel oparoa prestatu dute 22:00etan hasiko den musika saiorako, bost musikari gonbidatuta: Celia Carrera, Fonte, An2an, Carrik eta DJ BRGS. "Estiloen arteko bidaia izango da nire set-a, giro berezia sortzeko gogoarekin", dio DJ BRGSk, eta honela aurkeztu du Celia Carrera: "Bizkaiko eszenan hasi zuen ibilbidea. Bime Live eta Dantz Point jaialdi ospetsuetan entzuleak erakarri ditu eta musika elektronikoaren barruan etengabe eboluzionatzen ari den artista da".

Iban Borgas 'DJ BRGS': "Euskal eszenan figura aktiboak direnak gonbidatu ditugu biharko topaketara"

Aramaiokoa da DJ An2an –Andoni Uriarte–, eta honela aurkeztu du antolatzaileak: "Lehen pausoak tokiko festetan eman zituen, soinu propioa garatzen eta hainbat estilo nahasten. Denborarekin esperientzia eta konfiantza hartu du, eta publikoarekin konektatzeko eta giro bereziak sortzeko gaitasuna sendotu du".

Arrasaten bizi da DJ Carrik –Iñaki Carrillo Etxabe–. "15 urterekin piztu zitzaion musika elektronikoarekiko interesa: lehenik, pistako publiko gisa, eta ondoren, kabinan", gaineratu du DJ BRGSk, eta hauxe dio karteleko boskotea osatuko duen Fonteri buruz: "Madrilen hasi zuen ibilbidea kabinan, eta ondoren, Berlinera joan zen, soinua findu eta nortasun propioa sendotzera. Urteek eta hiriek markatutako ibilbideak mundu osoko klub eta jaialdietara eraman dute, eta hautaketa zainduarekin eta ikuspegi pertsonalarekin entzuleak harrapatu ditu".

Sarrerak, bost eurotan

Aretxabaletako Ezkutu eta Arrasateko Taupa tabernetan eros daitezke aurrez sarrerak, eta gaztetxeko sarreran ere izango dira bihar eskuragarri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak