Nola azalduko zenukete zer den Matraila?
A.E.: Matraila kirol talde antifaxista bat da, bi oinarri jarraitzen dituena: batetik, herrian doako eta kalitatezko kirol zerbitzu bat ematea; eta, bestetik, antifaxismoa, herrian eta inguruan sortu daitezkeen jarrera erreakzionario edo faxista orori erantzun bat emateko.
"Kirola doakotasunez, eta, posible den heinean, kalitatez eskaintzeko aukera ematen duen talde bat sortu dugu"
Iazko martxoaren 12an zabaldu zenuten lehen mezua sare sozialetan. Zer sortu du Matrailak ia urtebeteko ibilbidean?
M.C.: Herrian eragile politiko bat gehiago bihurtu da. Entrenatzerakoan, hasi berriak direnei oinarrizko mugimenduak irakastea eta maila altuagoa dutenei hobetzeko doako espazio bat eskaintzea lortu dugu. Eta, horrez gain, gazteetan, adibidez, komunitate indartsu bat sortu dugu; batik bat, kirola doakotasunez, eta, posible den heinean, kalitatez eskaintzeko aukera ematen duen talde bat.
Zeintzuk dira saioetan lantzen dituzuen kirol diziplinak?
M.C.: Boxeoa eta kickboxinga. Orain dela gutxi, material berria sartu dugu, boxeoaz eta kickboxingaz harago, beste ariketa batzuk egin ahal izateko, eta nahiz eta gaur gaurkoz bi kirol diziplina horiek landu, gure asmoa bada beste jarduera batzuk ere lantzea.
Beraz, eskaintza zabaltzeko asmoa duzue?
A.E.: Betidanik egon da asmoa eskaintza zabalago bat izateko, baina, autogestioan oinarritzen den proiektu bat izanda, bakoitzak eman behar du beretik. Guk, lantaldeko kideok, bi kirol hauek menderatzen ditugu, baina gure asmoa da daukagun espazioan posible den edozein jarduera lantzea.
"Gure asmoa da daukagun espazioan posible den edozein jarduera lantzea"
Autogestioan oinarrituta egoteak konpromiso bat dakar. Nola kudeatzen dituzue entrenamenduak, garbiketak, saioak nork eman eta nork jasotzen dituen…?
M.C.: Nagusiki, hasieran sortu genuen talde motorretik kudeatzen ditugu horrelako kontuak: ordutegien diseinua, entrenamenduen plangintza, materiala, diru kontuak… Gerora, batzorde bat sortu genuen, eta bertan proposamenak zabaltzeko eta gainontzeko erabiltzaileek euren iritzia plazaratzeko leku bat egin dugu. Horrez gain, batzordeko kideok whatsapp talde bat daukagu, eta, astero, gure artean hitz egiten dugu jakiteko saioetara zenbat jende etorriko den; hala, jendearen beharren arabera, beharrezko egokitzapenak egiteko.
Zenbat saio egiten dituzue astean?
M.C.: Entrenamendu ireki batzuk zehaztuta dauzkagu. Ordutegia diseinatzen hasi ginen, eta, poliki-poliki, jendeak egiten zuen erabilerarekin kontrastatuz, nahiko ongi funtzionatzen duen ordutegi bat daukagu. Astearteetan eta ostegunetan, goizean, saio bana egiten dugu; eta, arratsaldean, bina –bostetan eta sei eta erdietan–, boxeoko bat eta kickboxingeko beste bat.
Askotariko adinetako jendea joaten da saioetara, baita adin txikikoak ere; hainbeste, non 16 urtetik beherakoentzat saioak eskaintzen dituzuen bi astean behin.
A.E.: Talde zabala daukagu whatsapp talde horretan, eta adin guztietako jendea ari zen etortzen. Horri buelta bat eman behar izan genion, eta pentsatu genuen egokia izango litzatekeela adin txikikoak direnentzako aukera batzuk zabaltzea. Izan ere, pentsatzen dugu Matrailaren baitako kontzientzia ideologikoa eta lan egiteko kontzientzia garatzea garrantzitsua izan daitekeela gazteentzat; eta, horrez gain, komunitate horren parte izateko aukera ere badute.
Saioetara joaten dira kirol diziplina probatzera datozenak nahiz horiek lantzen urteak daramatzatenak. Kirol mailak asko axola izan gabe, ikusten da Matrailak denak artatzen dituela.
"Hemen ez dugu inor kanpoan uzten. Gure helburua da denok batera ikastea, komunitatea indartzea eta gozatzea"
M.C.: Hemen ez dugu bereizketarik egiten. Entrenamenduak optimizatzera begira eta batzuen hobe beharrez, banatu egiten ditugu saioak, baina hemen ez dugu inor kanpoan uzten. Gure helburua da denok batera ikastea, komunitatea indartzea eta gozatzea.
Horrek ere eragiten du maila altuago bat duenak hasi berriari laguntzea, ezta?
A.E.: Hala da, eta hala izatea behar dugu. Esan bezala, autogestioan oinarritzen den proiektu bat izanda, asko behar dugu, eta garrantzitsua da bakoitzak bere alea jartzea. Asko dakienak asko erakutsi diezaioke gutxi dakienari, baina gutxi dakienak ere asko erakutsi diezaioke edonori, jarrera edo balore ikuspuntutik. Izan ere, hau ez da kirol gimnasio bat bakarrik; hemen, gauza asko hartzen dira kontuan.
"Asko dakienak asko erakutsi diezaioke gutxien dakienari, baina gutxi dakienak ere asko erakutsi diezaioke edonori, jarrera edo balore ikuspuntutik"
Bilerak ere egiten dituzue. Zenbateko maiztasunarekin? Zenbat batzen zarete? Zer eztabaidatzen duzue bilera horietan?
A.E.: Normalean, bi astean behin elkartzen gara. Hori dugu jarrita arau gisa, baina horrek ez du esan nahi zerbait berria edo berezia landu behar dugunean egoten ez garenik. Dena dela, bi astean behin egiten dugu hitzordua gehienetan, eta hainbat puntu lantzen ditugu batzarretan: materialetik hasita, gai politikoetara arte.
Indarra hartzen ari da taldea?
M.C.: Egia da gauza asko daudela, eta denbora guztian buruari eragiten dihardugula gauzak ongi atera daitezen. Hala ere, ikusi dugu poliki-poliki bere fruituak ematen ari dela, eta harrera oso ona izaten ari dela.
A.E.: Herrian talde indartsu bat sortu dugu, eta asko hazi gara urtebetean; jende asko batu da gurera. Gurea bezalako beste hainbat talde indartsu sortu dira estatu mailan ere, eta haiekin elkarlanean dihardugu. Espero dugu haiekin sareak ehuntzen jarraitzea.
Hemendik denbora batera, nola gustatuko litzaizueke Matraila ikustea?
M.C.: Are indartsuago. Eta horrek esan nahi du alde denetatik hazkuntza bat izatea: talde aldetik; lokalaren aldetik; alde politikotik; eta bai Euskal Herrian eta bai harago, harremanak handitzen joatea, eta kirola egiteko modu hau zabaltzea eta sustatzea.