Martxoaren 1ean, Arrasateko Garagartza auzoko Atxabalpeko zelaian Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen baitako Euskadiko infantil mailako Kros Txapelketa jokatuko da; 43. aldia izango da aurtengoa. 2018an ere Arrasaten bertan egin zen txapelketa bera, Arruena parkean; aurten, lekuz aldatu dute. 150 korrikalari inguru batuko dira –75 mutil eta 75 neska–, 2.600 metroko ibilbidea izango dute eta hiru lurraldeetako ordezkariek hartuko dute parte. Probintzia bakoitzetik lau talde ariko dira lehian: sailkapeneko lehen hirurak eta lurraldeko selekzioa. Mutilen lasterketa 11:00etan hasiko da; neskena, 11:20an; eta 12:00etako sari-banaketarekin amaituko da jarduna. Jon Ormaetxea Arrasate Atletiko Taldeko presidenteak aurreratu duenez, espero dute "jende asko" joatea Atxabalpera: "Eguneroko lanaren erakusleiho polita da horrelako txapelketa bat".
"Marjina txikia izan dugu, baina azkar antolatu dugu guztia"
Azken orduko antolaketa
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura Sailak antolatzen du urtero txapelketa, eta lurraldez lurralde txandakatzen da egoitza. Aurten, Gipuzkoari zegokion antolaketa. Hasieran, Irunen egitekoa zen, baina urtarrilaren amaieran jakinarazi zuten ezinezkoa izango zela txapelketa bertan jokatzea. Federazioak "denbora gutxirekin" beste kokaleku baten bila jo, eta Arrasate aukeratu zuen. 2018an Musakolako Arruena parkean jokatu zen txapelketa bera. Aurten, ordea, Atxabalpe libre zegoela ikusita, aukera egokiagoa zela erabaki zuten, ekainean Eibarrek instalazioa utzi zuenetik zelaia hutsik dagoela kontuan hartuta. Otsailaren 6an egin zuten bilera ofiziala Eusko Jaurlaritzarekin eta udal ordezkariekin, eta ordutik prestaketak bizkor joan dira. "Marjina txikia izan dugu, baina oso azkar antolatu da guztia", nabarmendu du Ormaetxeak. Udalak belarra moztu eta aldagelak txukuntzeko lanak hartu ditu bere gain, klubak aldiz, gainerako antolaketa-lanak koordinatu ditu. Mojategiko instalazioekin "pozik" daudela azaldu arren –2024an berriztu zuten pista– oraindik badituzte erronkak.
Etorkizuneko aukera?
Txapelketa modu isolatuan jokatuko bada ere, Arrasate Atletikok dio etorkizunera begira bestelako erabilerak izan ditzakeela Atxabalpek. Klubaren ustez, "leku ona" litzateke jaurtiketa-gune bat egokitzeko; izan ere, Mojategin ezin dira xabalina- eta mailu-jaurtiketa txapelketak aurrera eraman. "Modalitate guztiak ezin ditugu gaur egun Mojategin landu", eta aurrera begirako eszenatoki posible bat litzatekeela azaldu du presidenteak. Dena den, "erraza izango ez dela" eta Udalarekin landu beharreko proiektua litzatekeela adierazi du.
Atxabalpe "leku ona" litzateke jaurtiketa probak aurrera eramateko
Txapelketa gehiago egutegian
Asteburuan, gainera, beste lehiaketa batean ere hartuko du parte Arrasate Atletiko taldeak. Zapatuan, otsailak 28, Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da 18 eta 20 urtez azpikoen kategorietan. Bestalde, apirilaren 18rako Arrasaten bertan –Mojategin, aire librean– Gipuzkoako beste txapelketa bat antolatzeko asmoa dute, 16, 18 eta 20 urtez azpikoen eta master mailetan. Proposamena aste honetan bertan jaso dute, eta azterketa fasean dago, baina "posible" ikusten dute aurrera eramatea.
Osasuntsu dago taldea
Klubaren osasunaz galdetuta, baikor mintzatu da Ormaetxea: "Taldeak osasun ona dauka kide kopuruari dagokionez". Atletismo eskolan 100 haur inguru dituzte, eta 35 bat federatuta daude kadete mailatik aurrera. Azken urteotan izen-emateak gora egin du, eta aurten plaza kopurua mugatu egin behar izan dute, eskaintzen duten arreta eta kalitatea bermatzeko. Domekakoa, beraz, hitzordu garrantzitsua izango da Arrasateko atletismoarentzat: maila handiko lehia, etxeko ordezkarien "ilusioa" eta Atxabalpe berriz ere jardunean ikusteko aukera.
Arrasateko ordezkaritza, gertu

Arrasate Atletiko taldeak sei ordezkari izango ditu infantil mailako nesken kategorian: Nile Agirretxe, Alaitz Berasaluce, Anne Arrieta, Jule Galdos, Irati Regodesebes eta Ilargi Abasolo. Joan den abenduan, Ordiziako Oiangu parkean jokatutako Gipuzkoako Txapelketan 50 puntu batuta, hirugarren talderik onena izan zen; nabarmentzekoa da Nile Agirretxek infantil mailako nesken kategorian lortu zuen lehen postua. Emaitza haiei esker lortu dute Euskadi mailako txapelketan parte hartzeko txartela. Taldean “ilusioa” da nagusi, eta, maila handiko lehia espero bada ere, domina eskuratzeko aukera ez dute baztertzen. Lehia "handia" izango da, lurralde bakoitzeko ordezkari onenak batuko baitira Arrasateko zelaian