Andaluziaren Eguneko bazkarian 140 lagun elkartuko dira bihar, Al-Andalus elkartean

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko otsailaren 27a

Al-Andalus elkartea, jendez beteta, duela bi urte, Andaluziaren Eguneko emanaldi batean.

Urtean lau hitzordu nagusi dituzte Al-Andalusen, eta Andaluziaren Eguna da horietako bat, otsailaren 28an ospatzen dutena. Lourdes Oncala eta Norte X Rumbas musika taldea igoko dira oholtza gainera.

Otsailaren 28a Andaluziaren Eguna da, eta Al-Andalus elkartean urtero ospatzen dute. Aurten, gainera, zapatua da, eta egunean bertan egingo dituzte ospakizunak. "Normalean, 70 bat lagun elkartzen gara bazkaltzeko, eta aurten 141 pertsonak eman dute izena. Estu samar egongo gara, agian, baina albiste ona da. Giro ederra izango dugu", azaldu du Salva Delgadok, elkarteko presidenteak. 

Arrasatearrez eta debagoiendarrez gain, beste txoko batzuetatik ere etorriko dira biharko egunaz gozatzera. "Beasaindik, adibidez, hogei pertsona baino gehiago datoz. Beste batzuk, aldiz, Gasteiztik. Gure lurraldeari nolabaiteko omenaldia egiteko eguna da. Egia da, agian, Errozioa dela jairik inportanteena, baina Andaluziaren Egunak ere indar handia du", nabarmendu du presidenteak.

Oncala, ohiko gonbidatua

Biharko egitaraua hasteko, Lourdes Oncalaren emanaldia izango da, 13:00etan: "Ohiko gonbidatua da guretzat. Sevillanen alma mater-a da. Haren emanaldietan jende asko elkartzen da dantza egiteko".

Gero, 14:00etan, Andaluziako ereserkia jarriko dute, baita ardoa dastatu ere, eta 15:00etan hasiko da bazkaria. Eta 18:00etan, Norte X Rumbas taldearen emanaldia izango da: "Andaluziar ukitua eman nahi izan diogu egunari, eta horregatik egin dugu talde horren alde".

Urtean lau ekintza nagusi

Al-Andalusek lau ekintza nagusi egiten ditu urtean: Andaluziaren Eguna, Aste Kulturala, Errozioa eta Bazkideen Eguna. Aste Kulturalari dagokionez, maiatzean egin ohi dute, Musakolako San Isidro jaien ostean, eta aurten ere hala izango da. Egitarauaren zati handiena prest dutela azaldu du Delgadok: "Ohi bezala, eguaztenetik domekara arte izango da, eta denetik egongo da; ekintza gastronomikoak eta musika emanaldiak, esaterako".

170 bazkide ditu elkarteak

Elkartea osasuntsu eta egoera onean dagoela nabarmendu du presidenteak: "Utzita zeukaten bazkide batzuk itzuli egin dira, eta gaur egun 170 bazkide inguru gaude". Gainera, bazkide berriak hartzeko prest daudela dio: "Izen-emate kuota 150 eurokoa da, eta, ondoren, hilabetean gutxieneko kuota bat, bost euro ingurukoa. Beraz, gura duenak badaki non gauden".

Taberna alokairuan dute

Iazko azaroaz geroztik, arduradun berriak ditu elkarteko tabernak, alokairuan. "Lehen, hiru langile genituen, baina orain alokatuta daukagu. Bi pertsonaren artean ari dira negozioa eramaten". Dena den, funtzionamendua ez da askorik aldatu: "Baldintzetako bat da menuan dauden Andaluziako zazpi plater tipikoak mantendu egin behar dituztela. Horrez gain, gura dutena egin dezakete. Orain, adibidez, ogitartekoak eta plater konbinatuak ere ematen dituzte".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak