Pertsona errefuxiatuekin arituko diren bi mentore behar ditu Izan Harrera programak

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko otsailaren 26a

Ezkerrean, Joana Manzisidor eta Abdouralima Mboup; eskuman, Jaafar Najem eta Nicolas Ellarbykafe bat hartzen.

SOS Arrazakeriaren ekimena da Izan Harrera, gizarte-mentoretza ardatz duena, eta Ekin Emakumeak Elkarteak koordinatzen duena. 

Gaur egun, mentoretza sozialeko bi programa koordinatzen dihardu Ekin Emakumeak Elkarteak: batetik, Izan Harrera, helduena; eta, bestetik, Urretxindorra, adingabe eta gazteena. Bi programa horietan, pertsona errefuxiatuekin edo migratzaileekin egiten dute lan, mentoreen bitartez, inklusioa ardatz hartuta. "Sentsibilizazioa eta pedagogia soziala dira oinarriak. Izan ere, kolektibo zaurgarriekin lan egiten dugu, arlo ludikotik eta horizontaltasunetik. Funtzionamendua binaka da, aukera gutxiago egon dadin botere harremanak sortzeko", azaldu du Laura Buenok, Ekin Emakumeak Elkarteko eragileak.

Programaren dinamikari dagokionez, bikoteak sortzen dituzte; hau da, pertsona errefuxiatuek mentore bat izaten dute eta haiekin astean behin elkartzen dira. "Helburua inklusioa da, herria ezagutzea, lagun eta harreman berriak egitea, espazio berriak ezagutzea, ondo pasatzea eta euskarara gerturatzen hastea", dio Buenok. 

Formakuntza jasotzen dute

Urretxindorra programan lau bikote dituzte: 9-12 urte arteko lau ume eta 18 urtetik gorako lau gazte mentore. Izan Harrera programan, aldiz, bi bikote osatuta dituzten arren, bi pertsona daude programan parte hartzeko prest, eta, beraz, bi mentore falta zaizkie. Hori dela eta, deialdia zabaldu diete arrasatearrei. Mentore izateko, "bihotz ona eta jarrera baikorra eta aktiboa izatea" da baldintza nagusia. "Beste pertsona bat ezagutzeko gogoa izatea ezinbestekoa da; hori bai, ezin da paternalismotik izan", nabarmendu du eragileak. "Horrez gain, Arrasate ezagutzea eta euskaraz jakitea ere beharrezkoa da". Gaineratu duenez, astean bizpahiru ordu libre edukitzea eskatzen du mentore izateak.

Urretxindorra programan haur eta gazteak ari dira; Izan Harreran, pertsona helduak

Azkenik, mentore izango direnek formakuntza bat jasotzen dute. "Mugak eta marra gorriak zeintzuk diren aztertzeko eta antirrazismoaren eta pribilegioen inguruko informazioa jasotzeko; azken batean, horizontaltasun hori bermatzeko".

Harreman berriak sortzen dira

Joana Manzisidor arrasatearra da Izan Harrerako mentoreetako bat, programa "interesgarria eta aberasgarria" iruditzen zaiolako. "Behin elkartu gara, oraingoz, duela bi aste. Txakurrarekin Monterron inguruan paseo bat eman ostean, kafe bat hartu genuen. Gure gauzei buruz hitz egiten aritu ginen, eguneroko gauzez. Orduz geroztik, lana dela-eta ezin izan gara elkartu, baina telefonoz mantentzen dugu harremana", adierazi du.

Onartu du hasieran "arraroa" egiten dela. "Izan ere, ezagutzen ez duzun pertsona batekin egiten duzu topo bat-batean", gaineratu du. "Hala ere, balio izan dit harreman berriak egiteko, noski, eta beste kultura eta errealitate batzuk ezagutzeko. Ez daukagu inora joan beharrik gauza berriak ikasteko. Horrez gain, norbere herrian bertan normalean joaten ez zaren lekuetara joateko ere balio du; norberaren herria gehiago ezagutzeko, alegia".

Azkenik, benetan funtzionatzen duen erreminta bat dela azpimarratu du: "Frogatuta dago inklusiorako balio duela".  

Interesa dutenek 651 70 79 36 zenbakira deitu beharko dute izena emateko

Herritarrei parte hartzeko deia

Gizarte-mentoretza SOS Arrazakeriaren ekimena da, eta, duela gutxira arte, Gu Haziak Gara elkarteak egiten zituen koordinazio lanak. Iazko abendutik, ordea, Ekin Emakumeak Elkarteak hartu du ardura hori. "Gurutze Gorriak errefuxiatu egoeran dauden pertsonen lau etxebizitza kudeatzen ditu Arrasaten, eta hango hezitzaileekin egiten dugu harremana programa honetan parte hartu dezaten. Alde horretatik, koordinazio lana erraz daukagu".

Izan Harreran akonpainamendua da Ekinen lanaren ardatza. "Dituzten beharrak entzuten ditugu, eta, kasu bereziren batean esku hartu behar badugu, hala egiten dugu. Edozelan ere, helduen artekoa denez, ondo joan ohi da, normalean, ez dago aparteko koordinazio lanik egiteko beharrik. Galdetegi moduko bat dute, eta, argazkiak bidaltzeaz gain, zer egiten duten esaten digute", zehaztu du eragileak.

Urretxindorra programan, ordea, esku-hartze "sakonagoa" da, adingabeak daudelako tartean. "Familiekin eta umeekin egoteaz gain, mentoreak formatu behar izaten ditugu. Hasiera-jai bat ere egin genuen, gurasoak eta mentoreak ezagutzeko".

Azkenik, parte hartzeko dei egin die herritarrei: "Euskal Herrian solidarioak eta antiarrazistak garela badiogu, parte hartu beharko genuke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak