Teva etxe farmazeutikoaren kontrako kanpaina egin du Arrasateko BDZk herriko farmazietan

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko otsailaren 24a

Azaldu dute entzunak izan direla eta harrera ona izan dutela guztietan, bi farmaziatan salbu. Bi salbuespen horiek kenduta, balorazio positiboa egiten dute "TEVA etxearekin apurtzeko hautua egin dutelako aukera hori zuten farmazialariek".

Israelgo Teva etxe-farmazeutikoaren kontrako kanpaina egin du Arrasateko BDZ-k azken bost hilabeteetan eta otsailaren 12an eman zuten kanpaina amaitutzat. "Al Ahli Arab –sanitarioak genozidioaren aurka– taldearekin batera, herriko farmazia guztietatik pasa gara Tevaren aurkako kanpainaren berri emateko", azaldu dute.

Esan dute herriko bi farmaziatan kenduta, guztietan izan dutela harrera ona.  "Bi horietan ez dute interesik izan guk emaniko argudioak kontua hartzeko, eta euren jarrerarekin argi erakutsi dute ez dutela asmorik genozidioa sustatzen duen Teva enpresarekin harremanak hausteko. Beste guztietan erakutsi duten jarrera eta prestutasuna positiboki baloratzen dugu eta kanpainaren hasiera arrakastatsua izan dela uste dugu, gure argudioak entzun dituztelako eta Teva etxearekin apurtzeko hautua egin dutelako aukera hori zuten farmazialariek".

Boikotaren zergatia

Arrasateko BDZtik azaldu dute Teva enpresa farmazeutikoa israeldarra dela eta Teva, Tevagen, Ratiopharm, Belmac eta Davur markako farmakoen fabrikazioaren arduraduna. "Munduko sendagai generikoen konpainiarik handienen artean dago, eta milioika dolar sortzen ditu Israelgo erregimen militar eta kolonialerako. Horrela, genozidioa eta apartheid erregimena errazten ditu eta Palestinako apartheid sanitarioaren arduradun zuzena da. Tel Aviven du egoitza eta lau ekoizpen-zentro ditu Israelen, eta legez kanpoko kokalekuetan ere jarduten du, Zisjordanian".

Tevak "lehia desleiala" egiten duela ere salatu dute. "Israelgo gobernuak emaniko laguntzekin, euren farmakoei prezio oso baxua ipintzen diete, eta, ondorioz, Palestinar herritarren gehiengoak ezin izaten du beste farmakorik erosi besteen prezio altuengatik".

Boikot kanpainak inguruko herrietan

Arrasateko BDZk azaltzen du mundu osoan altxa direla Tevari boikota egitearen aldeko kanpainak. "Horien artean "Teva j'en veux pas" kanpaina Frantzian, "non à Teva" Belgikan, "Teva, r no grazie!" Italian edota "Boikot Teva Israeldar Farmazeutikarik EZ!" Euskal Herrian.

"Gure herrira begiratuz gero, Teva farmazeutikako medikamentuak ez ditugu soilik gure herriko farmazietan: Debagoieneko ospitalean ere erabiltzen dira Teva etxeko farmakoak. Debagoieneko ESIk (Erakunde Sanitario Integratu publikoak) Tevari erositakoa azken hiru urteetan honakoa da dirutan: 2023an, 2.736,16 euro; 2024an, 37.819,86 euro; eta 2025ean, 44.887,33 euro. Beraz, azken hiru urteetan guztira 85.443,35 euro bideratu dira genozidioaren finantzatzaileentzat. Zuzeneko genozidioa, ospitaleen suntsiketak eta osasun langileen hilketak ikusten geunden bitartean, Debagoieneko ESIk Tevari eginiko erosketak ia 20 aldiz biderkatu ziren", salatu dute.

Deia herritarrei eta ESIko langileei

Arrasateko BDZ-tik Teva etxe israeldarraren produkturik ez kontsumitzeko dei egiten diete herritarrei "palestinar herriaren genozidioan duen erantzukizun zuzenagatik".

Horrekin batera, eskua luzatu nahi diete Debagoieneko ESIko langileei, "eta elkarlanerako eta borroka koordinatu bat abiarazteko proposamena zabaltzen diegu hemendik".

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak