Debagoiena Gasteizekin lotzeko autobus zerbitzua erosoagoa eta seguruagoa izateko eskatu dute

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko otsailaren 23a

Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguez –eskumatik bigarrena– Arrasateko PSE-EEko zenbait ordezkarirekin. Argazkia: Arrasateko PSE-EE.

Arrasateko PSE-EEko Marcos Vitoria elkarteko kideek bilera bat izan dute Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguez sozialistarekin; besteak beste, eskualdea Gasteizekin lotzeko autobus zerbitzua berregituratzeko eskatu diote, batez ere DG05 eta DG05A lineak erosoagoak eta seguruagoak izan daitezen. 

Diputatu sozialistarekin izandako bileran, Debagoieneko herriak eta Gasteiz lotzen dituzten lineak berregituratzeko eskatu diote Arrasateko sozialistek, erabiltzaileek erosoago eta seguruago bidaiatu dezaten. Arabako hiriburura eserita bidaiatzeko neurriak hartzeko eskatu dute, eta DG05 eta DG05A lineak berregituratzeko proiektu bat aurkeztu dute.

Aztertzeko konpromisoa

Diputatu sozialistak konpromisoa hartu du proposamen hori aztertzeko eta linea horietan aldaketak egitea bideragarria den aztertzeko, erabiltzaileek erosoago bidaiatu dezaten. Era berean, diputatuak aukera izan du azaltzeko hainbat lineatako ordutegietan doikuntzak egiten ari direla udalekin lankidetzan, baita eskaerak zuzenean sailera bideratzen dituzten gizarte-kolektiboekin eta herritarrekin ere: "Lurraldebusen zerbitzuak gure erabiltzaileen benetako beharretara egokitzea da helburua".

Sozialistek eskerrak eman dizkiote diputatuari jasotako azalpenengatik, baita garraio publikoaren zerbitzua hobetzen jarraitzeko prestutasunagatik ere: "Izan ere, 2025ean, Debagoienan 6 milioi bidaien muga gainditu zuen lehen aldiz bere historian".

Dominguez –mahaian, erdian–, Marcos Vitoria elkarteko kideekin. Argazkia: Arrasateko PSE-EE. 

Agintaldi honetan "hobekuntza ugari"

Era berean, azken bi urte eta erdian Lurraldebus zerbitzuak eskualdean izan dituen "hobekuntza ugariak" ere eskertu dituzte, batez ere "zerbitzuaren modernizazioari" dagokionez: "Gogorarazi behar da agintaldia hasi zenetik, Azahara Dominguezek zuzentzen duen sailak Avanzako flotaren % 74 berritu duela. Azken horrek Debagoienean ematen du zerbitzua, ibilbide luzeko lineak ere hartzen ditu. Era berean, denbora horretan zerbitzuak hobekuntza batzuk izan ditu, hala nola, txartelen salmenta telefonikoa martxan jartzea, Arrasateko Adinekoen Kontseiluarekin (Anakon) batera landu zen proiektua; Avanzaren webgunea berritzea; edo eskualdeko herriak lotzen dituzten linea eta ordutegi batzuk doitzea", adierazi dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak