'Los besos en el pan' literatura solasaldia hilaren 25ean Kulturaten

Ibai Irasuegi Garai 2026ko otsailaren 23a

Literatura solasaldia Kulturaten. Irudia: Asun Agiriano.

Amparo Monterok gidatuta, gaztelerazko literatura solasaldietako bigarren saioa izango da eguaztenekoa.

Arrasateko Udalak martxan ditu euskarazko, gaztelerazko eta ingelesezko literatura solasaldiak. Atzo izan zen euskarazko literatura solasaldien taldearen txanda, eta bertan, Alex Gurrutxagak gidatuta, Irene Pujadasen Puskak liburua izan zuten berbagai. Gaztelerazko saioei dagokienez, datorren eguenean, otsailak 25, egingo dute hurrengo saioa, eta, Amparo Monterok gidatuta, Almudena Grandesen Los besos en el pan lana izango dute berbagai. Liburuari dagokionez, 2008ko krisi ekonomikoaren erretratu bat da liburua, eta egoerak Espainiako familien egunerokotasunean izan zuen eragina azaltzen da.

Asun Agirianok, Udal Liburutegiko zuzendariak, azaldu duenez, liburua ulertzeko gakoak, materiala eta dokumentazioa eskainiko ditu saioak. "Ezagutza-oinarri batetik abiatuta, iritziak partekatzeko, eztabaidatzeko, entzuteko espazio bat sortzen da saioetan". Horietan parte hartu nahi duen irakurle kopurua gora egiten ari dela adierazi du Agirianok.

Emakume idazleak

Estilo guztietako lanak eramaten dituzte literatura solasaldietara, eta, bereziki, emakume idazleen lanen gainean egiten dituzte saioak. "Ez da kasualitatea, eta azpimarratzeko bezalako zerbait da; izan ere, emakume idazle on ugari daude liburugintzaren merkatuan".

Datorren eguenekoaz gain, Udal Liburutegiak gaztelaniazko beste hiru saio egingo ditu: martxoaren 25ean, apirilaren 22an eta maiatzaren 20an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak