Sarrigureneko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeetan interpelazio zuzena gizonei zein erakundeei

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko otsailaren 22a

Gaur eguerdian Arrasateko plazan egindako elkarretaratzea.

Gizonezko batek 28 urteko emakumezko bat hil eta beste bat larri zauritu zuen egubakoitzean Sarrigurenen, Nafarroan. Euskal Herrian aurten gertatu den lehen hilketa matxista da. Datozen egunetarako mobilizazio gehiago daude deituta.

Ustezko erasotzaileak labanaz hil du emakumea –banatzeko prozesuan ziren–, eta larri zauritu du biktima defendatu nahian zebilen beste emakume bat –ustezko erasotzailearen ama–. Gizonezkoa atxilotuta dago eta sekretupean da sumarioa.

Hilketa matxista salatzeko hainbat protesta elkarretaratzea egin dira gaur eguerdian Debagoienean. Hain zuzen ere, Arrasaten eta Elgetan.

Sei puntuko komunikatua

Arrasateko elkarretaratzean Euskal Herriko Emakume Mundu Martxak zabaldutako komunikatua irakurri du Amaia Etxabek. Sei puntu nagusi ditu eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzak aldarrikatu eta erakunde publikoei zein gizonei interpelazio zuzena egiten die. "Amorruz eta minez salatzen dugu gure lurraldean aurten izandako lehen erailketa matxista. Sarrigurenen Natalia erail du bere bikotekideak arma zuri batez, eta haren ama ere larri zauritu du erasotzaileak. Eraso hau ez da gertaera isolatu bat: feminizidio bat da, gure kale eta etxeetan dirauen indarkeria zisheteropatriarkalaren adierazpen gordinena", irakurri du Etxabek.

Biktimaren senideei "elkartasun eta babes osoa" adierazi ostean, indarkeria matxista ez dela kasualitatea irakurri du Etxabek. Horrekin batera, emakumeen bizitzak ez direla gizonen jabetza, eta erantzun kolektiboa dela emakumeen indarra.

Interpelazio zuzena gizonei eta erakundeei

Horrez gain, gizonendako zein erakundeendako interpelazioa zuzena izan da. "Behin eta berriz galdetzen dugu: non zaudete gizonok? Indarkeria matxista ez da emakumeon arazoa, gizonok sortzen eta elikatzen duzuen egiturazko arazoa baizik. Zuen isiltasuna konplizitatea da. Interpelazio zuzena egiten dizuegu: apurtu itun patriarkalak, utzi gure bizitzak kontrolatzeari eta hasi zuen pribilegioak eta indarkeria mekanismoak deseraikitzen. Erantzukizuna zuen gain dago".

Erakundeei, berriz, justizia feminista exijitzen diote. "Erakundeei diskurtso hutsak eta keinu sinbolikoak alde batera uzteko exijitzen diegu. Benetako baliabideak jar ditzatela emakumeen eta haien seme-alaben babeserako. Sistema honek ez gaituela babesten erakusten du behin eta berriz; instituzioek ardura zuzena dute prebentzioan eta arreta integralerako baliabide publikoen gabeziagatik".

Mobilizazio gehiago

Bergaran gaurko deitu dute elkarretaratzea, 19:00etan. Oñatin bihar, astelehenean, egingo dute, 19:30ean.

2003az geroztik, 133 andre eta hamahiru haur hil dituzte gizonek Euskal Herrian. Biktima izan diren emakumeendako arreta zerbitzua 24 orduz dago martxan, 900 84 01 11 telefonora deituta.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak