Mauka handiena egunak dira Arrasaten. Ibai-Arte merkatari elkarteko komertzioek kalera atera dituzte produktuak eta eskaintza berezian, gainera. Hala, aire zabaleko merkataritza-gune bihurtu dute herria denboraldiko azken maukak eskaintzeko.
Udazken-neguko merkealdien azoka da MerkeMerkaua. Eguenean ekin zioten eta gaur du azken eguna. Hauek dira parte hartzen ari diren establezimenduak: Bea Lentzeria, Begia Optika, Beinke, Elkar, Ennea, Errekamendi, Garraxi, Intersport Loramendi (Garibai), Intersport Loramendi (San Andres), Josle Mertzeria, Kapikua, Kili-Kolo, Luko, Maitia, Markiegi, Portaloi Optika, Resusta Karrikiri, Sikol, Tipi-Tapa, Txuri-Beltz, Ume eta Zubia.
Musikarekin girotuta
Erosketak egiteaz gain, jai giroa ere eman gura izan diote MerkeMerkau azokari eta atzo, egubakoitza, Eskoriatzako Ad Libitum txaranga ibili zen kalez kale. Gaur, Dirty Durum Brass Band taldeak hartuko du lekukoa. Kalez kale ibiliko da 12:00etaik 14:00etara.
Zozketa berezia
Zozketa ere antolatu du Ibai-Artek azokan erosketak egiten dituzten guztiendako. 100 euroko bi sari eta 50 euroko lau sari zozkatuko dituzte. Zozketa otsailaren 25ean egingo dute.