Mahaiak bete egin dira komunitate musulmanari ikusgarritasuna emateko egindako Iftar afarian

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko otsailaren 20a

Ramadan garaia da komunitate musulmanarendako eta hirugarren urtez Seber Altube plazan egin dute Iftar afaria. IMME elkarteak antolatu du ekitaldia eta ordezkaritza politiko zabala izan dute aurten.

Ramadana hasi berri dute musulmanek. Gaurkoa, bigarren eguna izan da. Hilabetez egingo dute Ramadana: egunsentitik ilunabarrera arte ez dute ezer jango edo edango.

Gaurko Iftar afaria –baraualdia eteten den eguneko otordua– berezia izan da; izan ere, Seber Altube plazan egin dute eta musulmanak ez diren gonbidatuekin. Bete egin dira jarritako mahai guztiak eta jaki asko banatu badituzte ere guztiak amaitu dira.

Gonbidatuen artean beste komunitate batzuetako herrikideak izan dituzte. Mahaiaren bueltan eseri dira guztiak IMME elkartekoek prestatutako karpan. Ordezkaritza politikoa ere ez da falta izan. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Arrasateko Udaleko Bizikidetza batzordeko burua den Jasone Giraldo; Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxena; Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburu Nerea Melgosa; Emakundeko zuzendari Miren Elgarresta edota Arrasateko EAJko zinegotzi Ander Garay eta Agurne Juldain.

Ikusgarritasuna herrian

Hirugarren urtez antolatu du IMME elkarteak Ramadan afaria Arrasaten, eta elkartearen sortzaile eta zuzendari den Djamila Zereiby "oso pozik" dago aurtengoak ere izan duen harrerarekin.

Ekimenaren helburu nagusiak izan dira komunitate musulmanari  ikusgarritasuna ematea eta herritar guztien arteko elkarbizitza sustatzea. Askotariko jakiak banatu dituzte hamar laguneko mahaietan, eta eguzkia ezkutatu bezain pronto hasi dira jaten, eguneko baraualdiari amaiera emateko. Horrelako ekimen gehiago egin behar dira bertaratutako gehienen iritziz.

Afari amaieran, Ramadanari buruzko Kahoot joko bat egin dute eta bi lagunek haur batek baraualdia lehenengoz egiten duenean egin ohi den erritua eszenaratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak