Hala adierazi du argazkilari ezagunak: "Azken batean, neure buruari galdetu diot ea zertara joaten naizen mendira, zeren bila ibiltzen naizen argazkiak egitera joaten naizenean eta zerk motibatzen nauen. Eta hala aurkitu nuen galderaren erantzuna: argiaren bila ibiltzen naizela batetik bestera".
Gordok azaldu duenez, argazkien atzean dagoen lan hori erakusten saiatu da; izan ere, irudi horiek ateratzeko lan eta ordu asko eskaini behar izan dizkio argazkilaritzari: "Asko erakartzen zaituen zerbait izan behar du, 3.000 metrora, gauez, eguzkia noiz irtengo den zain egoteko, eta hori ere erakutsi nahi izan dut; momentu berezi horien atzean zein lan dagoen. Pirinioetara bakarrik joateko zerk motibatzen nauen erakustea ere izan da helburua, argi naturalaren bila ibiltzea, izan ilargiari, Esne Bideari edo egunsentiari argazkiak ateratzeko".

25 urteko errepasoa
Erakusketaren gaia zein izango zen erabakitzen denbora eman du arrasatearrak, eta izan du buruhausteren bat edo beste. Horretarako, funtsezkoa izan da Ane Idigoras argazkilariaren laguntza, ideiak argitzeko eta 25 urtean ateratako argazki onenak aukeratzeko: "Egia da 25 urte hauetan lan onenak azken bost urteotan egin ditudala; kar-kar. Hala ere, argazki zaharrenak 15 urte inguru izango ditu. Batzuetan, erretratu zaharrak ikusten hasten naiz, eta 'zelan egin nuen hanka-sartze hori?' galdetzen diot neure buruari".
Argazkiak ikusgai hilabetez
Otsailaren 19tik martxoaren 19ra Kulturateko klaustroko hormek Aritz Gordok urte hauetan egindako lana erakutsiko dute. "Iaz Oñatin erakusketa jarri nuenean mendian zentratu nintzen, mendiko argazkien gaineko erakusketa bat izan zen". Gordok dioenez, Arrasateko Udalak erakusketa egitea proposatu zionean zalantzak izan bazituen ere, argazkilari moduan 25 urte egingo dituela kontuan hartuta erakusketarekin aurrera egitea erabaki zuen: "Badelako kontuan hartzeko moduko urteurren bat".
