Kooperatibismoa ispiluaren aurrean: Etorkizuna pentsatu, iraganetik ikasiz hitzaldia egingo du hilaren 26an Xabier Sotil elkarteko kide eta kooperatibista bergararrak. Aurten beteko dira 50 urte Jose Maria Arizmendiarrietaren hil zenetik eta testuinguru horretan kokatzen da saioa.
Elkarteko kideek azaldu dutenez, "geopolitika berriak, digitalizazioak, krisi ekologikoak eta gizarte-aldaketa sakonek markatutako testuinguruan", saioak "etorkizun justuago eta jasangarriago bat eraikitzen lagun dezaketen eredu ekonomikoen inguruko gogoeta" proposatuko du.
Era berean, hitzaldiak Mondragonen esperientzia kooperatiboa aztertuko du, "kooperatibismoak aberastasuna sortzeko eta modu orekatuagoan banatzeko izan duen gaitasuna erakusteko, gizarte-kohesioa, berrikuntza eta ongizatea sustatuz".
Sotilek, 40 urte baino gehiagoko ibilbidea
Xabier Sotil Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteko kidea eta euskal kooperatibismoaren erreferentea da. 40 urte baino gehiagoko ibilbide kooperatiboa du, hainbat kooperatibatan eta ardura-postutan jardundakoa. LKSko zuzendari nagusia izan zen eta, ondoren, Mondragon Taldeko presidentea, 2016ko uztailean erretiroa hartu zuen arte. 2007 eta 2014 urteen artean, Mondragon Unibertsitateko presidente ere izan zen.
Gaur egun, kooperatibismoaren etorkizunari buruzko gogoetan aktiboki parte hartzen jarraitzen du, TU Lankide aldizkariko Erredakzio Kontseiluko kidea da eta hitzaldiak eskaintzen ditu hainbat forotan.