Arrasate Herri Eskolako eta Arizmendi Ikastolako haurrek Euskal Iñauteri bateratua ospatu dute gaur arratsaldean. Ekimenaren helburu nagusia bereizketa eta segregazioa ekiditeko hezkuntza komunitate osoa batzea da, eta hezkuntza eta hizkuntza diagnosia lantaldetik egindako hausnarketan, ikastetxeek ekimen bateratuak egiteko beharra identifikatu eta proposamenak abiarazi zituzten.
Horien artean aurkitzen da, Inauteri bateratuak egiteko, Arrasate Herri Eskolak eta Arizmendi Ikastolak aurkeztutako iniziatiba. Hezkuntza eta hizkuntza diagnosiaren lantaldearen parte izan den Arrasateko Udala bidelagun izan dute, eta lanketa honen emaitza hiru gune nagusietan antolatu diren inauteri bateratuak izan dira: Iturripe, Uarkapen eta Musakolan.
Hiru gune, elkargune
Ikastetxeen kokalekuak kontutan izanda, herriko hiru gunetan egin dira ekimenak. Guztietan ikasleek dantza egin dute. Lehenik eta behin, LH1-2 mailakoek egin dute dantza; jarraian LH 3-4, ondoren LH 5-6 eta azkenik guztiek batera egin dute dantza. Markel Goikolea arduratu da ekitaldia girotzeaz. Ondoren, 17:00etan, Txatxilipurdik gidatuta, Disko Festa izango da Uarkapen.