Kontzertu berezia izango da Goikobalu abesbatzarentzat: batetik, urteko lehen kontzertua izango delako, eta, bestetik, kutsu solidarioa izango duelako. "Harremanen jarduera ezagutzera ematen laguntzeko gure aletxoa jartzeaz gain, Goikobalu osatzen dugun talde guztiok batzen garen kontzertu bakarra izaten da. Txikienetatik hasi eta helduetarainoko ibilbide hura oso polita izaten da guretzat", azpimarratu du Txomin Maidaganek, kontzertuko zuzendariak.
Jasotako diru guztia Mozambiken eta Indian muturreko pobrezian bizi diren familiei laguntzera bideratuko da. Horretarako, kontzertura joaten direnek borondatezko dohaintzak egiteko aukera izango dute.
Kontzertu "dinamikoa"
Lau taldetako 70 bat abeslari izango dira parrokian, eta, errepertorioari dagokionez, kontzertu "zabal eta dinamikoa" emango dutela adierazi du Maidaganek: "Haur txikiagoei zuzendutako abestiak, pelikuletakoak eta beste herrialde batzuetako kantuak tartekatuko ditugu". Harreman GKErekin bat eginda, elkarteak egiten duen lana "balio handikoa" dela eta kontzertua egitea "plazer handia" izaten dela adierazi du zuzendariak: "Balio handiko lana egiten dute, eta guk gure kantu eta musikarekin gure aletxoa jartzea asko gustatzen zaigu".
Kontzertu bat baino gehiago
Harreman elkartearentzat urteko zita garrantzitsuenetakoa da kontzertu solidarioa; elkarteko idazkari Cristina Etxenausiak azaldu duenez, elkartea zer den eta zer egiten duen ikusarazten laguntzen duelako eta bertan lortutako diruarekin benetako beharra duen jendeari laguntzen zaielako. "Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu abesbatzako kideei, gurekin izan diren bakoitzean lan bikaina egin dutelako".
Aurreko urteetako kontzertuei erreparatuz, emanaldiaren inguruan sortzen den giroa "oso ona" izaten dela esan du Etxenausiak, eta hori espero du gaur arratsalderako: "Parrokia bete egiten da eta jendeari asko gustatzen zaio kontzertua eta egitasmoaren zergatia".
Harreman, Mozambiken eta Indian

Harreman GKEk 21 urte daramatza muturreko pobrezia egoeran bizi den jendeari laguntzen. Horretarako, 2005a ezkero, Mozambikeko eta Indiako bi proiektutara bideratzen dute jasotzen duten diru guztia. "Ordaindu ezin duen jendeari bizi den egoeratik irteteko aukera bat ematea da gure helburua", azaldu du Cristina Etxenausiak, Harreman GKEko idazkariak.
Mozambikeko proiektuan nekazaritzaren bitartez laguntzen diegu bertako biztanleei, eta bertako biztanleek dirua lortzen dute euren familiak ekonomikoki mantentzeko. Indiako proiektua neskak eta mutilak muturreko pobrezia egoeratik irteten laguntzeko proiektu bat da, eta, hain zuzen ere, hezkuntza eredu bat eskaintzearen bitartez laguntzen diete.