Aratusterik ez herririk gabe: txorimaloak serio datoz, eta kukumarruak lotsagabe

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko otsailaren 13a

Arrasateko Herri Inauterietako partaideen talde-argazkia, Kulturolan, iaz, lehen aldiz kalera irten aurretik. Argazkia: Txorimaloen eta kukumarruen konpartsa.

Herri Inauteriekin iaz kaleak sorpresaz hartu zituen txorimaloen eta kukumarruen konpartsa kide gehiagorekin eta dantza berri batekin itzuliko da gaur, Arrasateko Maala kaletik abiatuta (19:30): "Hau herri mugimendu bat da, proposamen parte hartzaile bat". 

Iaz egin zuten lehen aldiz, eta hainbat arrasatear utzi zuten aho bete hortz. Hori ere bazen 2025eko Aratusteetarako sortu zen Txorimaloen eta Kukumarruen Konpartsako kideen helburuetako bat, alegia, aldez aurretik ia ezer iragarri barik kaleak hartzea eta arrasatearren artean "inpaktua" sortzea. Helburua bete zuten, eta geratzeko etorri zirela argi utzi. Aurten bai azaldu nahi izan dutela zergatik sortu zuten konpartsa: "Hau herri mugimendu bat da, gure historian sustraiak dituen arren aurrera begira sortu dugun proposamen parte hartzaile bat", adierazi dute.

Bi helbururekin sortu dute konpartsa, nagusiki: batetik, "estetika jatorragoko" Aratusteak bultzatzea, gaur egun Euskal Herrian bizirik dauden ereduak inspirazio iturri hartuta eta, betiere, herritarren parte hartzea bultzatuta. Bestetik, herriko dantzarientzat eta txistularientzat agertoki berri bat ere sortu nahi izan dute.   

Rol antagonistak elkarrekin

Konpartsako pertsonaiak dira txorimaloak eta kukumarruak. Txorimaloak dantzariek eta musikariek osatzen dute: "Konpartsaren erdialdea eta zati serioa dira. Aratusteen bitasunaren barruan, txorimaloak dira konpartsaren alde sofistikatua, ordenatua, gizatiarra, arautua eta zibilizatua. Jokabide normala izango dute, gizarte arauekin bat datorrena eta dantza talde batek izan beharko lukeena".

Domadorea hartza kontrolatu nahian, iaz, Erdiko kalean. Argazkia: Txorimaloen eta kukumarruen konpartsa.

Kukumarruak, berriz, txorimaloen antagonistak dira: "Pertsonaia groteskoak dira, dantzarien inguruan dabiltza jendea zirikatzen jokabide adeigabe eta lotsagabeaz. kukumarruek txorimaloan aurkako papera antzezten dute; basatasuna dira, legerik eza, transgresioa, kaosa... Naturarekin eta beldurrarekin izan dezakete lotura, eta jokamoldea izango da adeigabea, errespetu gabekoa, blasfemoa edo biraogilea, mespretxuzkoa, zitala, lotsagabea, zirikatzailea, politikoki ez zuzena… Betiere, muga batzuen barruan".

Historian zehar txorimaloak eta kukumarruak berbak erabili izan dira Arrasaten eta inguruan mozorrotutako pertsonak izendatzeko; Herri Inauteriak berreskuratzeko orduan, baina, bi hitz horiekin pertsonaia eta rol bakoitza bereiztea nahi dute konpartsako kideek.

Gaurko kalejirarako plana

Gaur, otsailak 13, hartuko ditu kaleak konpartsa bereziak (19:30), Maala kaletik hasi eta Portaloraino kalejiran. Portaloian Sorgin Dantza egingo dute eta ondoren kalejiran joango dira Taupa taberna atariko plazatxora, bertan ere sorgin dantza egiteko. Gero, kalejiran berriz ere, Otalora lizentziaduna kaletik Arbolapetatik pasatuta Zurgin kantoitik igo eta Sorgin Dantza egingo dute Ferrerias kalean. Handik kalejiran joango dira herriko plazara eta, 21:00etan hasita, propio sortutako Txorimalo eta Kukumarruen Dantza delakoa dantzatuko dute.

Txorimaloak –musikariek eta dantzariek osatutako taldea– dantzan, plazan.  Argazkia: Txorimaloen eta kukumarruen konpartsa.

Joan den egubakoitzean egin zuten entsegu orokorra, eta aurreratu dute nola hartuko dituzten kaleak gaur iluntzean ia bi orduz: "Kalejiran goazela, txorimaloak joango dira erdian, txistulariak euren erdian eta kukumarruak inguruan, jendea zirikatzen. Dantzan egin behar den lekura heltzen garenean, ohikoa den moduan kokatuko dira dantzariak eta musikariak, eta euren saioa egingo dute. Bitartean, kukumarruak inguruan ibiliko dira jende zirikatzen. Herriko plazara heltzen garenean Txorimalo eta Kukumarruen Dantza egingo dugu. Horretarako, sarrerako kalejira jotzen den bitartean, txorimaloek plazan dagoen jendea euren multzora gonbidatuko dute eta taldea handituko dute. Gero dantza joko da eta talde guztiak egingo du dantzan. Multzo honetan, kukumarru batzuk ere har dezakete parte dantzan egiten".

Kritika, zirikatzea eta satira

Konpartsako kideek diotenez, kristau egutegian egon arren askoz lehenagokoa da Aratusteen jatorria; alegia, "sustrai sakonak" dituela kristautasunaren aurreko kulturan: "Gaur egun, kristau egutegian txertatuta daude eta ilargi zikloekin lotura dutenez, data mugikorra dute. Hala ere, ospakizun hauek kristautasuna baino askoz lehenagokoak diren sustraiak dituzte. Gaur egunera heldu zaizkigun ereduak iturburu askoren eta tradizio ugariren nahasketa dira. Orokorrean, kritika sozialerako, zirikatzeko eta satirarako garaiak dira, eta ezaugarri horiek ematen diote izaera nagusia".

Konpartsako kukumarru zirikatzaileetako bat, errepidean, Otalora kalean.  Argazkia: Txorimaloen eta kukumarruen konpartsa.

Aratusteen jatorria paganoa izatera naturarekin duen harremana ere azpimarratu dute konpartsako kideek, besteak beste: "Euskal Herriko Aratusteak antzinako ospakizun paganoekin eta sineskerekin harreman zuzena dute, ospakizun horiek emankortasunarekin, naturarekin edo udaberriaren etorrerarekin lotzen dira; neguaren bukaera eta udaberriaren hasiera markatzen dute, hau da, aro berriaren etorrera, antzinako munduan mugarri garrantzitsua zena. Mugarri horrek zekartzan uzta ona izateko esperantza edo desioa. Gaur egun oraindik erabiltzen diren maskara eta mozorro askok animalia eta izaki mitologikoak irudikatzen dituzte, natura eta bizitza zikloekin harreman zuzena dutenak".

Gainera, Aratusteak "bitasun garaia" direla diote: "Gizarte arauen transgresioa, eguneroko gu eta mozorrotutako gu, mundu zibilizatua eta mundu basatia, natura eta gizakia, neguko lozorroa eta udaberriak dakarren emankortasuna, ongia eta gaizkia… Bitasun hau mozorro, pertsonaia, dantza eta antzeko performanceekin irudikatzen da Euskal Herriko tradizioan".

Igor Herrarte, konpartsako kidea: "Ekitea erabaki dugu, hobetzen eta hazten joango den esperantzaz"

Herri Inauteriak Arrasatera ekarri dituen konpartsaren bultzatzaile nagusietako bat da Igor Herrarte (Arrasate, 1978).

Nola sortu duzue konpartsa?

Dantzari eta txistulari talde bat elkartu ginen Arrasatera Euskal Herriko Aratusteen esentzia ekarriko zuen konpartsa bat sortzeko. Euskal Herrian bizirik mantentzen diren Aratusteetatik ideiak hartu eta gauzatu dugu. Egia esan, ez dugu sekulako oinarri teorikorik; ekitea erabaki dugu, urtez urte hobetzen eta hazten joango den esperantzaz.

Zenbat lagun izango zarete?

Iaz baino gehiago, 120 bat lagun. kukumarruen kopurua ia bikoiztu egin da, adibidez; konpartsa koordinatzen dugu dantzari eta txistulariok eta gero kukumarruen bila nor bere kuadrillatik hasi da. Jaiotzez kukumarru diren horiengana jo dugu, eta erantzun ederra jaso dugu. Horrez gain, ondoan hainbat laguntzaile ditugu; errugbi taldekoek, esaterako, afaria prestatuko digute. Doakiela esker ona, bide batez.

Lan handia dago atzetik?

Badago lana baina ondo dugu banatuta. Iaz oso gustura geratu ginen, eta arrasatearren artean zapore ona utzi zuela esango nuke; askok zoriondu gintuzten.

Nobedaderik badago aurten?

Oinarria iazkoa izango da baina aurten txorimaloek eta kukumarruek dantza berri bat egingo dute. Datorren urtetik aurrera herri osoaren dantza bat izatea nahiko genuke; ikasteko oso erraza da, gainera.

320 lagun Uarkapeko bazkarian

Zapatua izan da azken urteetan Aratusteetako egun handiena, arrasatear gehien mozorrotzen den eguna. Desfileak ohiko ibilbidea egin du, Portaloiko arkua berritzeko lanak denboraz amaitu ostean, eta desfilearen amaieran bost sari banatuko dituzte.

220 txartel eta 100 zerbitzu saldu ditu Haur eta Guraso Asanbladak zapatuko Uarkapeko bazkarirako

Zapatuko beste zita garrantzitsuetako bat izango da Haur eta Guraso Asanbladak antolatutako bazkaria; iaz egin zuten lehen aldiz Zaldibarren eta aurten Uarkapen 320 bat lagun elkartuko dira: "220 txartel saldu ditugu 14 euroren truke paella eta euskal pastela jateko, eta baita 100 zerbitzu ere; azken horiei, euro baten truke, mahaia eta mahairako tresnak erabili ahalko dituzte gurekin bazkaldu dezaten. Zerbitzu horren helburua da bazkaria denon eskura egotea, ezin zaio herri bazkaria deitu herritarren batek ordaintzerik ez badu", adierazi dute.

Egubakoitzetik martitzenera arteko egitaraua osatzeko aurrekontua da 26.438 eurokoa eta, gainera, garbiketa zerbitzua indartu egingo du Udalak. 

SUDCekoak, sardinarekin Kulturolatik irten berri, Aratuste-martitzen baten. 

SUDCekoen sardina, Aratusteak agurtzeko

Gutxienez azken 50 urteotan egin bezala, SUDCekoek egin dute sardina, eta hilaren 17an erreko dute plazan (21:00). 20:30ean Kulturolatik irten eta Biteri plaza igaro ostean Erdiko Kaletik igoko dira plazara. "Lehen 00:00etan erretzen genuen sardina baina ez zen umerik egoten eta aurreratu egin genuen", dio SUDCeko presidente Juan Luis Arkauzek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak