Gimnastek tapizean gozatuz gero emaitzak helduko direla sinisten du Arrasate Dragoik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko otsailaren 9a

Urtarrilaren 31n Bergaran parte hartu zuen gazte mailako taldea. Argazkia: Arrasate Dragoi.

Arrasate Dragoi gimnasia taldeak joan den urtarrilaren 31n ekin zion 2025-2026ko denboraldiari, Bergarako Labegaraieta kiroldegian. Bergarako Ariznoa taldea aritu zen antolatzaile lanetan. Gimnasia erritmikoko amateur mailako lehen fasearekin hasi ziren arrasatearrak; taldeka zein banaka aritu ziren, kadete eta gazte mailetan, eta ekainera bitartean buru-belarri arituko dira lehiatzen. 

Izan ere, irailetik urtarrilera arteko tartea denboraldia prestatzeko baliatu ohi dute Arrasate Dragoikoek, gimnasta bakoitzak dagokion koreografia berrira eta denboraldian zehar erabili duen tresna berrietara ohitzen joan dadin –uztaia, pilota, mazoa, soka edo zinta–.

"Lehena beti izaten da berezia"

Arrasate Dragoi gimnasia taldeko zuzendaritza taldean diharduen Edurne Elkororen arabera, "beti da berezia" denboraldiko lehen txapelketa: "Lehen zita beti izaten da berezia, gimnastek denboraldi honetarako landu dituzten koreografiak eta aparatu berriak izaten dituztelako. Zapatuan egindako lanaz harro gaude; martxa hartzen joateko, ez dago batere gaizki!".

Prozesua bera da helburua

Denboraldi honetarako helburuei dagokienez, oinarria gozamena izan behar dela argi du Elkorok: "Klubaren helburu nagusia da gimnastak tapizera irten eta disfruta dezatela. Behin hori eginda emaitzak lortuz gero, ondo baino hobeto!". Izan ere, prozesuan dute arreta jarrita: "Gimnasta bakoitzaren konfiantza eta autonomia sustatzea, ahalegina, diziplina, talde-lana eta halako balioak indartzea dira gure lehentasun nagusiak. Gure ustez, prozesua bera da ikaskuntzarik handiena, eta horrek epe luzera ekarriko ditu benetako lorpenak edota emaitzak".

Iturripe noiz berrituko zain

Gaur egun, Uarkape udal pilotalekuan eta Arrasate institutuko gimnasioan entrenatzen dira. "Urteak daramatzagu entrenatzeko leku eta instalakuntza hobeen beharrean. Institutuko gimnasioa ez da leku egokiena guretzat. Gimnasian erabiltzen diren aparatuak airera botatzen dira, eta horretarako eraikinak gutxieneko altuera bat behar du; bada, txiki geratzen zaigu", adierazi du Elkorok. Uarkape frontoian ez dago arazorik altuerarekin, baina Arrasate Dragoirentzat ez daude behar beste ordu gimnasta guztiak bertan entrenatu daitezen: "150 gimnastarekin ahal dugun moduan moldatzen gara. Aerobikeko taldeak, esaterako, zapatu goizetan entrenatu behar izaten du". Hori guztia aintzat hartuta, klubeko zuzendaritza taldeko kideak dio Iturripe kiroldegi berriko instalazioak "primeran" etorriko zaizkiela.

Euskadiko txapelketa apirilean

Bestalde, aurten Arrasaten egingo da aerobikeko Euskadiko Txapelketa, benjamin mailan; apirilaren 19an Iturripen izango da topaketa eta apirilaren 26an, 2025-2026ko denboraldiko aerobik taldeko infantil mailako bikote bat. berriz, Uarkapen.

Aurten infantil mailako taldea dena, iaz Donostian jokatutako txapelketa batean. Argazkia: Arrasate Dragoi.

Arrasate Dragoi: "Mutilak ere ongietorriak dira" 

Arrasate Dragoi taldeak honako mezu hau azpimarratu du: "Mutilak ere ongietorriak dira klubean. Espainia mailan, adibidez, gimnasian eta aerobikean talde mistoa dago eta bakarka lehiatzeko aukera dute. Berdintasuna bultzatzen duen kirola da honako hau".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak