'Zimurrak' komikia izango dute berbagai hilaren 11n Kulturaten

Ibai Irasuegi Garai 2026ko otsailaren 9a

Amaia Mariezkurrena Komiki Klubaren euskarazko saioetako gidaria.

Amaia Mariezkurrenak gidatuta, Komiki Klubaren euskarazko lehen saioa izango da datorren eguaztenekoa.

Arrasateko Komiki Klubak lau saio antolatu ditu otsailetik maiatzera bitartean. Saio bat egingo dute hilero, eta, Amaia Mariezkurrenak gidatuta, bakoitzean komiki bat izango dute berbagai. Lehen saioa datorren eguaztenean egingo da, eta arratsaldeko seietatik zortzietara bitartean, eta Paco Roca nobelagile grafikoaren Zimurrak lanaren inguruan hitz egingo dute, Kulturaten. Rocak Espainiako Komikigintzaren Sari Nazionala jaso zuen 2008an Zimurrak lanagatik. Mariezkurrenak azaldu duenez, lanak beste estatus bat eman zion komikigintzari, eta mugarri bat jarri zuen Espainiako komikigintzaren historian: "Komikiaren garrantzia ikusita, eta, gainera, euskaratuta dagoela jakinda, lehen saiora ekarri nahi izan dut Zimurrak lana".

Gainontzeko saioetarako komikiak aukeratzeko, berriz, euskarazko komikiak egiten dituzten emakumeak ardatz izan ditu Mariezkurrenak, "badaudelako emakumezkoak diren komikigile euskaldunak: oso onak, gainera". Rocaren Zimurrak eleberrian alzheimerraren inguruan hitz egiten da. "Eta gaixotasuna pairatzen dutenei ahotsa ematen zaie, gaixotasunak zahartzaroan zer ekartzen duen galderari erantzunez", gaineratu du Mariezkurrenak. Saioari dagokionez, komikigilearen lanen inguruan hitz egingo dute hasieran, eta, ondoren, gaia eta komikiaren proposamen artistikoa aztertuko dituzte, saioan saioko parte hartzaileen gogoetak partekatuz. 

Amaia Mariezkurrena, 'Zimurrak' komikia eskuan duela. 

Eguaztenekoaz gain, Komiki Klubaren beste hiru saioetan Ainara Azpiazuren Utzi azalari (martxoak 11), Sandra Garayoaren Hodeien gaineko aldean (apirilak 15), eta Alison Bechdelen Fun home: familia istorio tragikomiko bat (maiatzak 13) lanak izango dituzte berbagai. Komiki saio bakoitzean askotariko estilo eta gaiak uztartzen dituzten lanen inguruan hitz egingo dute, baina, hala ere, Mariezkurrenak esan du "komiki guztiek" badutela zerbait komunean: "Nahi gabe egindako zerbait izan da, baina komiki guztietan azaleratzen dira gizartean eta pertsonen arteko harreman intimoetan gutxitan hitz egiten diren edo hitz egitea kostatzen zaigun gaiak.

Hala ere, nahiz eta gaiak nahiko gogorrak izan, komiki horiek gaia azaleratzeko balio dute, eta beste begirada batekin ikus daiteke gai bakoitza, komikietan lantzen diren istorioen bitartez".

Ipuin kontaketa eguenean

Komiki saioez gain, datorren eguenean Eneko Haritzak Munduan asko bezala ipuin kontaketa egingo du, Santa Marinako liburutegian. Saioa arratsaldeko seietatik zazpietara izango da, eta HH-5etik gorako ikasleei zuzenduta dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak