Sekulako euri-jasarekin egin dituzte partiduko lehen minutuak, eta bi taldeak ondo sartu dira neurketan, lehiakor eta akatsik egin barik. Lehen zatia oso orekatua izan da eta apenas egon da gol aukerarik.
Bigarrenean, ordea, bi taldeek erraztasun gehiago izan dituzte aurkariaren atera gerturatzeko, eta aukera garbienak partiduaren bukaeran iritsi dira. Edozelan ere, berdinketa "justua" izan dela aitortu du Iker Pavonek, Mondrako kapitainak. "Etxean jokatuta, garaipenaren bila atera gara, baina partidua nola joan den ikusita eta haiek izan dituzten aukerak ikusita, berdinketa justua da. Zapore gazi-gozoa dugu baina, behintzat, ez dugu galdu".
Partidu bukaeran garbi ikusi da etxekoek hiru puntuak behar zituztela, azken hogei minutuetan baloiaren jabetza argia izan baita arrasatearren aldekoa. Edozelan ere, lesakarrek kontraerasoan izan dituzte aukerarik garbienak, nahiz eta ez duten asmatu. "Gure akatsen ondorioz izan dituzte gol aukerak, eta hori zuzendu egin beharko dugu".
Sailkapeneko bosgarren postuan dago Mondra eta, Pavonek adierazi duenez, partidu guztiak lehiatzea da taldearen helburua. "Ahal dugun guztietan irabaztea da helburua baina, hori ezin denean, ez galtzea ere garrantzitsua da. Lan ona egiten ari gara aurten eta ea datorren partiduan hiru puntuak lortzen ditugun".
Liga berean, Ohorezko Erregional Mailan, Bergarak 0-2 galdu du sailkapeneko hirugarren postuan dagoen Oiartzunen aurka.