Duela 20 urte sortu zen Portaloi Kultura Elkartea, eta sortu eta gutxira hasi ziren Arrasateko kaleetan kantu-jirak egiten. Tradizioari eutsiz, gaur gaurkoz, hilabetero Portaloian elkartzen dira elkarteko 30 bat lagun. "Arratsaldeko zazpietan elkartzen gara, eta saio bakoitzean, normalean, euskal kantu herrikoiak abesten ditugu Portaloian, Arbolapetan eta Okorotegi tabernako terrazan", azaldu du Maitere Larrañagak, Portaloi Kultura Elkarteko kideak.
Hilabetero jendea gerturatzen bada ere, Larrañagak dioenez, gazteek ez dute parte hartzen kantu-jira saioetan. Horrenbestez, "Arrasate bezalako, musikari eta musikazalez betetako herri batean", Portaloi Kultura Elkarteak saioetara gerturatzera animatzen ditu gazteak eta baita gazteak ez diren kantuzale edo musikariak ere. Izan ere, Larrañagaren iritziz, abesteak "elkartasun giroa sortzen du, eta saioen bitartez euskal kultura" kalera eramaten da.