Norbere identitatearen bilaketa bat da Nor naizen baneki antzezlana. Eta antzoki baten indusketa arkeologiko batetik abiatzen da horretarako. Hain zuzen, bi mila urtean metatu diren "gudu ezagunak, gai ez oso ezagunak eta trauma lurperatuak" argitara emanez, ikuslea "Inkisizioaren, Frantziako Iraultzaren, Karlistaldien eta 36ko gerraren ikuspegietan murgilduko da, familia, jabetza, mugak, herentzia genetikoa, indarkeria koloniala" eta halako gaiak jorratzeko.
Antzokiaren indusketatik abiatzen bada ere, aitzakia bat besterik ez da; izan ere, antzezlekuaren eta norberaren barrenetan arakatzea du antzerkiak helburu. Horiek horrela, bertako sekretuak aztertuz eta barrenak ezagutuz, barne bilaketa bat egitera bultzatzen du. Artedramak eta Axut-ek taularatutako lana da, eta joan den urriaren 23an estreinatu zen antzezlana, Donostiako Gazteszenan.
Oholtza gainera igo eta denbora gutxira, Oier Zuñigak, antzezlaneko aktore batek, Ttap aldizkarian egindako elkarrizketa batean adierazi zuen "harrera beroa" izan duela: "Bete egin dira aretoak eta sarrerarik gabe geratu da jendea. Uste dut berriro ere hartu diogula gustua, eta espero dugu hedatzea zinemara eta bestelako ekitaldietara ere".
Joan den urriaren 23an estreinatu zen antzezlana, Donostiako Gasteszenan
Gaur-gaurkoz, Euskal Herriko antzezleku askotan izan dira, eta Amaia antzokira iritsiko dira domekan, arratsaldeko zazpi eta erdietan. Sarrerak salgai daude, 10 eurotan, Amaia antzokiko webgunean. Ximun Fuchsek eta Harkaitz Canok idatzitako testuak oholtza gainean interpretatzen dituzte Ramon Agirre, Garoa Bugallo, Maialen Diaz, Aline Etxeberri, Manex Fuchs, Garoa Idoia Tapia eta Oier Zuñiga aktoreek. Galdera hauen erantzunak topatzen saiatuko dira: Nor naizen baneki…? Zuk badakizu? Jakin nahi zenuke? Bada jakin ondoren damutu denik? Angelu guztietatik nahi zenuke zeure burua ikusi, ala behar da angelu itsu bat? Ezagutu daiteke norbere burua isolatuta?, norbere ingurunea ezagutu gabe? Nola jakin, zinez, zarena zarela? Gurasoen ispiluan? Seme-alabenean? Aztarnei esker? Nola jakin nor zaren, ingurune aldakor batean etengabe aldatzen dena bazara?.
Galderen erantzuna topatzeaz gain, Nor naizen baneki antzezlanak etorkizun posible bat irudikatzeko balio duela azpimarratu du Zuñigak: "Nor naizen baneki obran oso ondo enpastatzen da hori. Iragana berrikustearen aitzakiaz orainari egiten dizkiogu galderak. Nor gara? Zer gara? Nondik gatoz? Zer gara euskaldunak? Zer da gure hizkuntza?… Hori guztia modu zuzenean edo zeharka galdetzen diogu geure buruari guk".
Dokumental bat martitzenean
Nor naizen baneki antzerki emanaldiaz gain, Akelarre Musika Taldeak 30 urtean izandako ibilbideari errepasoa egiten dion Akelarre: marearen kontra dokumentala emango dute datorren martitzenean, otsailak 10, Amaia antzokian.