Zer dela-eta erabaki zenuen Euskal Ikasketetako graduaren bidea hartzea?
Egia esan, zalantza handia izan nuen azken unera arte. Urteetan Historiako gradua egingo nuela argi izan nuen, baina azken bi urteetan Euskal Ikasketak egiteko interesa ere piztu zitzaidan. Eta, azken unean, erabaki bat hartu behar nuenez, Euskal Ikasketak egitea aukeratu nuen. Amarengandik datorkit bi mundu horiekiko jakin-mina.
Arrasaten bizi zara eta egunero egiten duzu joan-etorria Gasteizera; nola daramazu hori?
Hasiera batean, oso astuna egin zitzaidan horren goiz esnatu, autobusa hartu eta itzuleran etxera berandu iristea. Eta joan-etorrian igarotako orduak ordu hilak ziren; hau da, ez nituen beste ezertarako erabiltzen. Orain, ordea, behin ohituta, bidaia nire zaletasun batzuk garatzeko erabiltzen dut: irakurtzeko, puntua egiteko, marrazteko edota irakurtzeko. Hori guztia, musika entzuten dudan bitartean, noski.
Han parrandan irteteko sos batzuk beharko dituzu. Lanean zabiltza, ezta?
Bai; inoiz geratu naiz Gasteizen parrandan. Hala ere, horretarako baino gehiago, beste gastu batzuk ere baditudanez, gurasoei dirua eskatu beharrean nire gastuen ardura nire gain hartzeko egiten dut lan, Irati Topalekuan eta eskola partikularrak ematen. Astea nahiko betea izaten dudan arren, merezi du.
Gitarra jotzen duzu, baina musika sortzea ala entzutea nahiago duzu?
Biak ditut gustuko. Dena den, aisialdian musika entzutea edo gitarra jotzea aukeratzen dut gehienetan; izan ere, musika sortzeak esfortzu handiagoa eskatzen dit; batez ere, nik sortutako abesti batekin gustura geratzen ez naizenez, etengabe hobetze aldera aldaketak egiten ditudalako abesti berean.
Horrez gain, idazten ere ibiltzen zara; sorkuntzan oinarritzen dira zure zaletasunak?
Ez dut gurako nukeen beste idazten. Eta, kasu horretan ere, musika sortzearekin gertatzen zaidan bezala, asko kostatzen zait idatzi dudan zerbaitekin gustura geratzea. Sorkuntzarekin asko gozatzen dut, baina, era berean, zama puntu bat ere bada niretzat. Hori dela eta, bestelako zaletasun batzuk ere baditut: kontzertuetara joatea, musika entzutea eta irakurtzea.
Zer iritzi duzu emakume sortzaileen errealitatearen inguruan?
Oraindik ere bide luzea dugu egiteko parekidetasun erreal batera iristeko. Batzuetan, badirudi kuota batzuk betetzeko deitzen gaituztela, eta ez benetan egiten dugunagatik. Hala ere, gero eta emakume gehiago ikusten ditugu lehen planoan, hainbat arlotan: bertsolaritzan, literaturan, musikan, ilustrazioan… Eskerrak guk, behintzat, emakume erreferente batzuk baditugun.
Aisialdian, zer beste ohitura duzu?
Posible izaten dudan ostegun guztietan Kooltur Ostegunak ekimenera joatea gustatzen zait, gaztetxera, han musika berria ezagutzeko aukera izaten baitut. Kontzertuak entzuteaz gain, marraztea ere gustuko dut. Gehienetan, abestien hitzak hartu eta horietan oinarrituta marrazkiak sortzen saiatzen naiz. Bukatzeko, nahi baino gutxiagotan egiten dudan arren, badut bestelako zaletasun bat: aitona-amonen etxera joan, eta euren kontuak entzutea.
MOTZEAN
Janari gustukoena? Aitonak egindako untxia.
Iratiko pintxo bat? Kruntxi pintxoa.
Abesti bat? Xake-mate kultural bat.
Idazle bat? Oihana Arana.
Bidaiatzeko toki bat? Andaluzia.
Arrasateko toki bat? Ferrerias kalea.