Manuel Murie: "Adimen artifizialak medikuntzan ere ongi funtzionatu dezakeela erakutsi da"

Ibai Irasuegi Garai 2026ko otsailaren 6a

Manuel Murie, Ospitalarioak Fundazioa Euskadiko zuzendari medikua. Irudia: Manuel Murie.

Ospitalarioak Fundazioa Euskadik antolatuta, adimen artifizialak neurorrehabilitazio klinikoan dituen aplikazioen gaineko jardunaldia egingo dute gaur, egubakoitza, erakundeak Arrasateko Gesalibar auzoan duen ospitalean. Ospitalarioak Fundazioa Euskadiko zuzendari medikoa da Manuel Murie (Madril, 1978), eta, adierazi duenez, gaia sakonki aztertu duten punta-puntako zenbait gonbidatuk hitza hartuko dute jardunaldian.

Zer dela-eta antolatu duzue jardunaldia?

Espainiako osasungintzako neurorrehabilitazio taldeak horrelako jardunaldiak egiten ditu urtero. Egoitzak aldatu egiten dira, eta aurten gurean egin ditugu. Proposatu genuen aurten adimen artifizialaren inguruko jardunaldi bat antolatzea; izan ere, gaiaren inguruan asko hitz egiten den arren, egunerokotasunera eta gure jardunera eramatea beharrezko ikusten dugu. Ez dugu gaia zorroztasunaz hartzen adimen artifiziala delako, baizik eta paziente bat artatzerakoan zorrotz jardun behar dugulako; batik bat, ahalik eta zerbitzu onena eskaintzeko. Horrenbestez, errealitatea da Estatu mailan eta nazioartean adimen artifiziala erabiltzen hasia dela neurorrehabilitazioan ere, eta medikuntzan eta psikiatrian aplikatzeko dauden modu horiek ezagutarazi nahi ditugu.

Zer-nolako ekimenak antolatu dituzue egunerako?

Hain zuzen ere, hainbat hitzaldi antolatu ditugu, askotariko gaien gainekoak. Besteak beste, Pedro Tejadak adimen artifizialak neurorrehabilitazioan dituen aplikazioen inguruan hitz egingo du, Juan Marinek IA4ICTUS proiektuaren inguruan hitz egingo du, eta arratsaldean, hainbat bloketan banatuta, adimen artifiziala aplikatzeko moduetara pasako gara.

"Ez dugu gaia zorroztasunez hartzen adimen artifiziala delako, baizik eta paziente bat artatzerakoan zorrotz jardun behar dugulako"

Hala, hainbat kasu ikusiko ditugu: Shirley Ryaneko, Ameriketako Estatu Batuetako azken 35 urteetako, neurorrehabilitazio ospitale oneneko bi ordezkari etorriko dira. Eta haiek azalduko digute nola erabiltzen duten adimen artifiziala martxaren ikasketarako eta analisirako.

 

 

Medikuntzan zer-nolako garrantzia du teknologia berrietara azkar egokitzeak?

Sekulakoa. Egia da errealitatea beti doala teknologiaren atzetik. Adimen artifizialaren kasuan, teknologia badago, eta erakutsi da ongi funtzionatu dezakeela. Gauza itzelak egiten ari dira ongi probatuta dagoen teknologia batekin. Eta guk nahi duguna da horrek balio izatea gure ezagutza handiagoa izateko eta gauza onak ekarri ditzakeela erakusteko.

Ospitalarioak Fundazioa Euskadin nola aplikatzen ari da?

Erabileran hainbat bloketan banatzen dela esan dezakegu. Antolakuntza mailan, denbora aurrezten dugu adimen artifizialari esker. Adibidez, pazienteen informeak egitean adimen artifizialak laguntzen digu. Eragina ikusteko, barne ikerketa bat egin dugu, eta ondorioztatu dezakegu adimen artifizialak oso ongi egin dezakeela lan hura: bestelako teknologia konplexu batzuk aplikatzen hasi aurretik, antolakuntzan efizientzia handiarekin lan egin dezakeela.

"Hemendik 20 urtera inork ez du zalantzan jarriko ea adimen artifiziala erabili behar den edo ez"

Adimen artifiziala badabil lekua hartzen medikuntzan ere.

Hala da. Nire iritzia da gure esparruan adimen artifizialak lekua izan behar duela, baina klinikoek gidatu behar dutela erabilera hura. Horregatik, klinikoak adimen artifizialean formatu behar ditugu., eta hori ikusten ari gara dagoeneko. Espainiako Neurologia Elkarteak jada ikusi du formatu egin behar gaituztela neurologian ere adimen artifiziala sartzen hasteko, eta berria den egoera batera ondo egokitzeko.  

Garai berri baten hasiera baita.

Hala da. Begira, nire aitona medikua zen, nire aita medikua da, ni medikua naiz eta nire semea medikua da. Aitonak izan zuen jauzi handia autoa izan zen; autoa heldu baino lehenago zaldian joaten baitziren lanera. Eta autoari esker nire aitonak denbora gehiago izango zuen pazienteak artatzeko. Nire aitaren kasuan, orduko gertaera handiena Internet izan zen. Gogoan dut tesia egiten zebilela, Ameriketako Estatu Batuetako artikulu bat eskatzen zenean, hilabete irauten zuela etxera heltzen, gaur egun pentsaezina den zerbait. Eta nire garaiko gertakari nabarmenena adimen artifiziala izango dela uste dut. Seguru nago hemendik 20 urtera inork ez duela zalantzan jarriko ea adimen artifiziala erabili behar den edo ez.

Eguneko egitaraua

  • 9:00 Irekiera instituzionala
  • 9:30 Jardunaldiaren irekiera mahaia
  • 10:15 Adimen artifizialaren aplikazioak neuroerrehabilitazioan
  • 10:45 Atsedena
  • 11:15 IA4ICTUS proiektua
  • 11:45 Ekarpen akademikoa eta jakintzaren transferentzia
  • 12:30 Grupo Neurorrehabilitacion Norte taldearen batzarra
  • 13:00 Atsedena - Bazkaria
  • 14:00 Adiemen Artifiziala tratamenduen kudeaketan aplikatua
  • 15:00 Adimen Artifiziala ibilkera ikertu eta aztertzeko
  • 15:45 Robotek bideratutako giza eta giza interakzio fisikoa neuroerrehabilitazioan
  • 16:30 Hizkuntza-berreskurapena, garun-makina interfazeak erabiliz
  • 17:15 Ekitaldiaren itxiera

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak