Zer moduz joan dira aurtengo San Baleixo jaiak? Gozatu dituzue?
Gozatu ditugu, bai. Harrigarria da, adibidez, egubakoitzeko mus txapelketan 46 bikotek parte hartu izana; ez dakit esaten zergatik, baina urtez urte hazten doa kopurua. Pentsa, Bilbotik ere etorri ziren partaideak. Zapatuan, baina, gorabehera aipagarria izan genuen; etxean nengoela, elkartetik deitu zidaten, 13:00 aldera, argindarrik ez zegoela esanez; hain zuzen ere, urteko egunik eta ordurik seinalatuenetako batean. SUDCekoei deitu, paella-ontziak –bonbona eta guzti– eta beste erreminta batzuk eskatu, eta moldatu ginen, nolabait; kafe-makina martxan jartzeko argindar-sorgailu edo generadore bat baliatu genuen. 18:00etarako konpontzea lortu genuen, eta ordutik aurrera dena normal joan zen. Etorri zen kaleko eta inguruko herrietako jendea, eta pozik gaude; jaiak inportanteak dira.
Jaien epizentro da 2027an 50 urte egingo dituen elkartea...
Jaietako epizentroa, eta urtean zehar auzotarrok elkartzeko ezinbesteko gunea. 1977ko jaietan ireki genuen elkartea, eta eskerrak; elkarte barik, agur auzotarron arteko kohesioari.
"1977ko jaietan ireki genuen elkartea, eta eskerrak; egun, ezinbestekoa da auzotarrondako"
Meatzerrekak Arrasateri asko eman izan diola entzun izan dut, eta trukean ez duela behar besteko erantzunik jaso. Bat zatoz?
Emandakoa baino askoz gutxiago jaso du auzoak, bai. Arrasaterentzat irtenbidea izan da Meatzerreka, hainbat aspektutan: herria urez hornitzeko, basoaren kudeaketarako kontuetan, obretarako materiala lortzeko, hondakinetarako lurrak hartzeko... Hainbat borroka eta eskaera historiko izan ditugu; uraren saneamendu sare egokirik ez dugu oraindik, adibidez. Are gehiago ere esango dizut: elkartea eraikitzea erabaki genuenean hainbat oztopo jarri zizkiguten; esaterako, aparkalekuetarako lur eremu handiagoa behar genuela esan ziguten.
Ze oroitzen duzu 1961etik 1996ra martxan egon eta 2004an zigilatu zuten Akeiko zabortegitik?
Askotan sortzen da behe-lainoa bailara honetan, eta, lainoak ez dioenez keari igotzen uzten, arazoak izaten genituen. Arnasteko kalitate oso txarreko airea zen, egia esan. Gainera, saihesbidea egin barik zegoenean sekulako trafikoa izaten genuen hemen, eta gogoratzen ditut Bilborako autobusetako gidariak autobusetik jaitsi behar izaten, tutik ere ez zutelako ikusten. Kalte handiak egin izan dira, askotan irten izan gara galtzen, baina nahiago dut askorik ez gogoratu.
"Kalteak egin izan dira, askotan irten izan gara galtzen, baina nahiago dut askorik ez gogoratu"
Goazen alaiagoak diren oroitzapenetara. Auto-krosa eta moto-krosa ikusi ditugu argazki zaharretan...
Ez nago ziur, baina 1983an-edo antolatu genuen lehenengoa, auzoko jaien bueltan, eta, beraz, erabateko negu giroan. Sara baserriaren inguruko zelai batean egiten genuen, egungo Epeleko zabortegia dela-eta beteta dagoen lur eremu batean; Sara baserriko jabeek lur eremua uzten ziguten guk bertan hainbat lan egitearen truke. Sekulako jauziak egiteko aukera izaten zuten autoek eta, bereziki, motoek; askotan geratzen ziren autoak ez aurrera eta ez atzera, eta traktorearekin atera behar izaten genituen. Ez ziren txapelketak izaten, baizik eta lagunartean gozatzeko probak. Urte oso onak izan ziren haiek.
Gaur egun, baina, landa eremuak ez ditu unerik gozoenak bizi...
Auzoek bizi duten despopulazioaren beste adibide bat gara, bai. Zerbitzuei dagokienez gabeziak ditugu, eta herritar askorentzat ez da erakargarria. Bergaran, adibidez, Udalak auzo-taxi zerbitzua ematen du... Irtenbide bat izan daiteke; eskatu egin beharko dugu hemen ere, eta ea onartzen diguten.
Aurrera begira, nola ikusten duzu auzoaren etorkizuna?
Auzoa bizirik dagoela sentitu dugu azken asteburu honetan jaiak izan direlako, baina ukaezina da gero eta gutxiago garela eta gero eta zaharragoak. Gaur egun 55 bat bizilagun gaude auzoan erroldatuta, eta 21 baserri dira. Bizi garen bitartean ahal duguna egingo dugu Meatzerrekaren alde, jaio ginenetik egin izan dudan moduan.
"Giro oso ona" jaietan; auzoa bizirik dagoen seinale
2026ko San Baleixo jaietan, eguraldiak ez lagundu arren, "giro oso ona" izan dute aurten, eta hor lagungarri izan da, besteak beste, Udalak jarritako autobus zerbitzu berezia; iaz ere arrakasta izan zuen zerbitzuak.

Egubakoitzeko mus txapelketan inoizko parte hartze handiena izan zen –46 bikote–, eta, argindar faltak baldintzatutako zapatuko bazkariaren ostean, auzotarrek erretratu zaharrez gozatu zuten –ondoko argazkian–; ondoren, ume eta gaztetxoek poneyekin jolasteko eta txokolate-janaz gozatzeko aukera izan zuten. Zapatu gauean, punk-oi! doinuen zaleak izan ziren protagonista elkartean bertan, Oñatiko Inguma eta Bergarako Laino Beltzak taldeen kontzertuen eskutik. Eta domekan, jaiak borobiltzeko, Meatzerrekako ondare nagusia den San Baleixo ermitako meza eta Gesalibarko eta Garagartzako abesbatzaren eta Lore Gazteak dantza taldearen erakustaldia izan zituzten.