Aspegi saria jasoko du Mondragon Kongresuko presidente Leire Mugerzak, Eider Sanchezekin batera

Mirari Altube Arrese 2026ko otsailaren 5a

Leire Mugerza.

Emakumeen lidergoa eta Gipuzkoako enpresa-ekosisteman talde-indarrak duen eragina aitortu nahi ditu Aspegik, hamaikagarrenez egingo den sariketan. Zuzendari kategorian Mondragon Kongresuko presidente Leire Mugerza sarituko dute, gobernantza sozioekonomikoan duen lidergo estrategikoagatik. Enpresaburu saria, ostera, Naru Intelligence-ko CEO den Eider Sanchezek jasoko du Adimen Artifizialaren bidez osasun-sektorea iraultzen ari den proiektu baten buru izateagatik. Ekitaldia otsailaren 19an izango da.

Gipuzkoako Emakume Profesional, Enpresari eta Zuzendarien Elkarteak –Aspegi– antolatutako sariak hamaikagarrenez banatuko dituzte. Lurraldeko "emakumeen talentuaren bozgorailua" da sariketa eta aurten, partaidetasunean eta eraldaketa sozialean jarri nahi izan dute arreta Aquí, cuentas. Hemen, bazara leloarekin.

Mugerza "figura estrategikoa"

Epaimahaiak erabaki du Zuzendari/Profesional kategorian Leire Mugerza Garate (Mutriku, 1976) saritzea. Mondragon Kongresuko presidentea da bera 2022tik eta Ekonomia Sozialeko erantzukizun eta autoritate mailarik goreneko kargua du gaur egun. Industria-ingeniari teknikoa da eta kooperatiba-zuzendaritzan masterduna. Aurretik, Eika kooperatiban eta Eroskin ibilitakoa da; azken honetan, Kontseilu Errektoreko presidentea da 2012tik. Mondragonen egiten duen lanaz gain, Mugerza CEPESeko presidenteordea da, Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko (EGK) kidea eta Ekonomia Sozialeko Emakume Liderren taldeko kidea. "Hortaz, estatuko gobernantza sozioekonomiko eta laboralean figura estrategikoa da", adierazi dute Aspegitik.

Enpresaburu saria, Eider Sanchezek

Bestetik, Enpresaburu Saria Eider Sanchez Herrerok (Donostia, 1986) jasoko du. Naru Intelligence-ko kofundatzaile eta CEOa da bera. Osasun-sektoreko "aliatu teknologiko estrategiko" gisa kokatu da Naru, Adimen Artifizialean (AA) oinarritutako soluzio berritzaileetan espezializatuta, balio terapeutikoaren kate osoan laguntzeko. Konpainiak Aiatech teknologia aurreratua garatu du. Bestetik, Step Oncology soluzioak, onkologia arlorako berariaz diseinatua, konplikazioak aurreikusten dituen eta pazienteen bizi-kalitatea hobetzen duen sistema integrala eskaintzen du.

Sariak, otsailaren 19an

Sari-banaketa ekitaldia otsailaren 19an egingo dute, Donostiako Parke Teknologikoan. Ane Zuazubiskar kazetari eta bertsolariak gidatuko du, eta Gipuzkoako enpresa eta gizarte-arloko ordezkariak batuko dira, "emakumeen talentua ospatzeko" gune bihurtuz.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak