Errepideak asfaltatzeko inbertsioa handitzea nahi du Arrasateko EAJk

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko otsailaren 4a

Arrasateko EAJko bozeramaile Ander Garay, Nafarroa etorbidean. Argazkia: Arrasateko EAJ.

Arrasateko EAJk errepideak asfaltatzeko planaren "eskasia" salatu eta "segurtasuna bermatzeko" inbertsioa handitzeko eskatu du. Jeltzaleek ohar bidez salatu dute errepideen egoera "negargarria" dela, eta arreta jarri dute bereziki Nafarroa etorbidearen eta Arrasate pasealekuaren "egoera kritikoan". 

Arrasateko EAJren arabera, EH Bilduren Udal Gobernuak ez du "behar adinako" plangintzarik eta exekuziorik garatu errepide sarerako. "Errepideen asfaltatze gabezia errealitate nabarmena da, eta arrasatearren segurtasuna arriskuan jartzen du", nabarmendu du Ander Garay eledun jeltzaleak.

Jeltzaleek gaineratu dutenez, Udalak urtero 222.000 euroko asfaltatze-lanen kontratua adostu zuen iaz lau urtetarako, baina EAJk ez du uste nahikoa denik: "Bi urteko exekuzioaren ondoren, errepideak egoera negargarrian daude, eta horrek agerian uzten du azpiegitura hobetzeko konpromisorik eza".  EAJk aurkeztutako datuen arabera, kontratuan adostutako zenbatekotik –440.000 euro azken bi urteetan– 353.848 euro inbertitu dira, hau da, aurreikusitakoaren %80. 

"Berehalako esku-hartzea" Nafarroa etorbidean eta Arrasate pasealekuan 

Nafarroa etorbidearen eta Arrasate pasealekuaren "egoera kritikoek" berehalako esku-hartzea eskatzen dute, Garayren ustez. "Bide segurtasuna ez dago bermatuta errepideen egungo egoerarekin, eta, beraz, premiazkoa da bide horien asfaltatze lanak 2026an egitea, urtearen amaierara arte itxaron gabe, eta aurtengo kontratua otsailean esleitzea eskatzen dugu". Arrasate pasealekua Gaztelupetik Arimazubiraino hobetzeko eskatu du EAJk, lanak aurtengo otsailean lizitatzen hasita. 

Gainera, 2028tik aurrera asfaltatze kontratu berri bat planifikatzeko "behar diren baliabide guztiak" jartzea eskatzen dute, urtean 400.000 eurotik gorako inbertsioarekin, eta datozen 10 urteetarako asfaltatze plan zehatz bat egitea, arazoak prebenitzeko eta errepide sarea baldintza egokietan mantentzeko.

Asfaltatze plan "erreal eta eraginkor bat"

EAJren arabera, asfaltatzeko esparru kontratua 2024an esleitu zen, lau urterako 880.000 euroko aurrekontuarekin, baina diote ez direla baliabideak behar bezala planifikatu, eta ez dela behar adina bideratu egoeraren benetako beharrei erantzuteko: "EH Bilduren Udal Gobernuak erreaktiboa izaten jarraitzen du, ez proaktiboa", adierazi dute. Jeltzaleek azpimarratu dute Udal Gobernuaren egungo ikuspegia zuloetan "adabakiak" egitera mugatzen dela, eta hori ez dela irtenbide egokia: "Beharrezkoa da asfaltatze plan erreal eta eraginkor bat izatea, epe labur, ertain eta luzera, gaur egun existitzen ez dena". 

EAJk azpimarratu du "ondo mantendutako errepide sarea funtsezkoa" dela arrasatearren segurtasuna bermatzeko: "Beharrezkoa da prebenitzea eta edozein ezbehar gertatu aurretik jardutea, inbertsio falta eta utzikeria nabarmenak baitira EH Bilduren Udal Gobernuaren partetik gure egunerokoan", esan du Garayk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak