"Mundua hobeto ulertzeko" eta "norberaren erabakiek gizartean zein planetan duten eraginaren inguruan hausnartzeko" proposamena da, Mundukideko kideen esanetan, prestatu duten hitzaldi zikloa.
Beñat Arzadun Mundukideko kideak gidatuko ditu lau saioak, "datuetan oinarritutako analisi eta eztabaidarako espazioa" emanez, "iritzi hutsez eraikitako diskurtsoetatik urrunduz". Helburua, haien esanetan, munduan bizi diren 8.000 milioi pertsonen bizimodua ezagutzea eta horiek desberdintasunarekin, pobreziarekin, osasunarekin eta ingurumen-inpaktuarekin duten lotura ulertzea da.
Zikloak ideia nagusi bat du abiapuntu: "Mundu interkonektatu batean, leku batean gertatzen denak beste leku batzuetan eragina du, eta gure erabakiek ondorioak dituzte gure ingurunetik harago ere". Horregatik, uste dute lotura horiek ulertzea dela "aldaketa sozialerako lehen urratsa".
Lau ardatz landuko dituzte: aberastasuna, osasuna, desberdintasuna eta pobrezia. Mundu mailako datuak aztertuko dituzte, "nazioarteko erakunde eta ikerketa-zentroen informazioan oinarrituta, galderak planteatuz eta ikuspegi kolektiboa eraikiz".
Zikloa ikasle, irakasle, gizarte- eta hezkuntza-arloko profesional zein justizia soziala eta jasangarritasuna interesatzen zaion edonorentzat dago irekita. "Formatuak datuen aurkezpena eta analisia eta eztabaida kolektiboa uztartuko ditu", gaineratu dute.
Lau hitzaldiak, Kulturaten
Honako hauek dira lau hitzaldiak, eta guztiak izango dira 18:30ean, Kulturateko Garibai aretoan, Beñat Arzadunen eskutik:
- Otsailaren 9: Aberastasuna: Zer nolakoa da egoera baliabide ekonomikoei dagokienean? Bizi itxaropenean? Elikaduran? Hezkuntzan?
Giza eskubideetan...
- Otsailak 23: Osasuna: Munduan bizi itxaropena luzatzen ari ote da? Leku guztietan? Zer nolako desberdintasunak daude? Zenbat gastatzen da osasunean? Non dago zer hobeagotu gehiago?
- Martxoak 9: Ezberdintasuna: Zer nolako desberdintasun ekonomikoak daude? Hezkuntza desberdintasunengatik? Lan aukera edo baldintzengatik? Zeintzuek ondorioak? Gatazka? Migrazioa?
- Martxoak 23: Pobrezia: Zenbatekoa da munduan txirotasuna? Zer egiten da hori aldatzeko? Zenbatekoa eta nolakoa da nazioarteko laguntza? Globalizazioak zer eragin du?...
