Adimen artifizialak neuro-errehabilitazio klinikoan dituen aplikazioen gaineko jardunaldia egingo dute egubakoitzean Arrasaten. Ospitalarioak Fundazioa Euskadik antolatuta, erakundeak Arrasateko Gesalibar auzoan duen ospitalean (lehengo Aita Menni) egingo dute, 09:00etan hasita.
"Ez da jardunaldi teknologiko hutsa baizik eta praktika klinikotik eta esperientzia asistentzialetik egindako hausnarketa bat: zer ari den gaur egun benetan funtzionatzen, zer ez, eta zer erronka dakartzan IA osasunean aplikatzeak", azaldu dute.
Egun osoko jardunaldia
09:00etan egingo dute jardunaldiaren irekiera ekitaldia Ospitalarioak Fundazioa Euskadiko zuzendari gerente Marisa Merinok eta Garuneko Kalte Lineako koordinatzaile Manu Muriek. Jarraian egingo dira zortzi ponentzia eta batzar bat.
Gaien artean izango dira: Adimen Artifiziala eskuratzeko eta hartzeko oztopoak, Adimen artifizialaren aplikazioak neuro-errehabilitazioan, IA4ICTUS proiektua, Ekarpen akademikoa eta jakintzaren transferentzia, Adimen Artifiziala tratamenduen kudeaketan aplikatua, Adimen Artifiziala ibilkera ikertu eta aztertzeko, Robotek bideratutako giza eta giza interakzio fisikoa neuro-errehabilitazioan eta Hizkuntza-berreskurapena garun-makina interfazeak erabiliz.
Eta lehen mailako profesionalak elkartuko dira jardunaldian. Horien artean dira Humberto Bustince, Pedro Tejada, Juan Ignacio Marin, Virginia Ruiz Garate, Juan Mora, James Cotton, Jose L. Pons edo Francis Robert Willett.