Eskubaloi taldeko kapitain Eki Letonaren arabera, "bai edo bai" irabazi beharrekoa da zapatukoa: "Sailkapena oso estu dagoenez, ezinbestekoa da aurkari zuzenen aurka irabaztea. Asteburu honetakoa bezalako lehiek denboraldia erabaki dezakete. Puntu oso gutxi daude jaitsierako eta igoera faseko postuen artean; guk gora begira jarri behar dugu, eta horretarako lehen urratsa da gugan sinistea eta asteburu honetan bi puntuak etxean geratzea".
Iturripen, "oso indartsu"
Iturripen "oso indartsu" dabiltzala dio kapitainak: "Etxean lehia bakarra galdu dugu. Oro har, goi-mailan ari gara jokatzen, baina gure erronka da maila hori partidu osoan mantentzea; alegia, deskonexioak garesti ari gara ordaintzen".
Azken bi jardunaldiotako porrotak "gogorrak eta mingarriak" izan direla dio Letonak: "Baina hori ahaztu egin behar dugu aurrera egiteko. Taldea oso motibatuta dago eta asteburuan garaipena lortzea besterik ez dugu buruan. Hori bai, askotan falta zaiguna da gugan sinistea, jokalari onak ditugu eta. Denok norabide berean goazenean, oso zaila da gu menderatzea".