Orain arteko lan ona oinarri hartuta, ilusioz da Mondra bigarren itzuliko sprint luzerako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko urtarrilaren 30a

Mondrako jokalariak, beroketa lanetan, Oriokoren aurkako partiduko (4-0) bigarren zatia hasi baino lehen.

Lehen itzulian maila ona eman eta bigarren itzulia Oriokori 4-0 irabazita hasi ondoren, Ohorezko Erregional Mailako seigarren sailkatua da Mondrako gizonezkoen taldea, 29 punturekin. Real Union lider sendoaren (41) atzetik doan Anaitasuna (34) bigarren sailkatua bost puntura dago, eta, zaila izango dela jakin arren, Mondrak begiz jota dauka igoera lehiatzeko aukera ematen duen bigarren postu hori. Hurrengo zita hamabosgarren sailkatua den Mutrikuren (17) aurka dute, domekan (17:00).

Klubeko kategoria guztiak eta lehen taldea ondo baino hobeto ezagutzen dituen Jorge Davila (Arrasate, 1978) entrenatzaileak "zapore gozoa" du ahoan; bereziki, azken jardunaldiak eman zuena ikusita: "Emaitzaz harago, joko aldetik asko hurbildu ginen egin nahi dugun horretara".

Davila: "Asteroko lana ona ari da izaten"

Lehen itzuliaren gaineko balorazio ona egiten du Davilak: "Denboraldiaurretik ari gara lan ona egiten; adibidez, hasieratik izan dugun prestatzaile fisiko berriak eragin ona izan du. Egin nahi dugun jokoa gero eta hobeto islatu dugu zelaian, irailetik urtarrilera bitartean hazten joan da taldea. Pixkanaka izan da, baina goranzko joera modu erregularrean mantendu dugu. Lehen itzuli polita egin dugu, seguruenik merezi genuena baino puntu gutxiago pilatu arren. Emaitzekin ez dut itsutu nahi, maila hobetzeko modu bakarra eguneroko lana dela sinistuta nago eta; asteroko lana ona ari da izaten, eta bigarren itzulirako lan on horrekin jarraitu nahiko genuke. Emaitzak etorriko dira".

Mojategin sendo mantentzea

Lehen itzulian partidu bakarra galdu dute sarrailagileek etxean. "Partidu guztietan lehiakorrak izateko helburuaz gain, etxeko partiduei garrantzi berezia eman behar geniela argi genuen denboraldi hasieratik. Etxean sendoak izatea ezinbestekoa da sailkapenari begira, baina zaleei begira ere oso garrantzitsua da. Hau da, galdu edo irabazi, hamabost egunean behin Mojategira datorren Mondrako zaleak ikus dezala jokalariak gogotsu, ausart eta oldarkor zelairatzen direla. Punturen batek ihes egin behar badu Mojategitik, aurkaria gu baino gehiago izan delako izan dadila; argi dugu bigarren itzulian dinamika horri heldu beharrean gaudela".

Izan ere, Davilak aitortu du "nahiko hotzak" direla Mojategiko harmailak: "Beti izan da zelai hotza, partidu askotan egon izan da jende gutxi. Era berean, uste dut taldeak motiboak ematen baditu zalea etorriko dela; dena dago lotuta. Argi dagoena da zaleen babesa oso garrantzitsua izango dela bigarren itzuli honetan".

Zuzendaritza berria "gogotsu" ikusten du Davilak: "Aurrekoek lan handia egin zuen urte luzez eta etorri direnak lanerako prestutasun osoz ikusten ditut. Hala ere, argi daukat jokalariek zurrunbilo horretatik kanpo egon behar dutela; gu, gurea egitera".

Iker Perez, Mondrako aurrelaria: "Begiz jota dugu igoera lehiatzea"

Futbol zelaian erosoago dago Iker Perez (Arrasate, 2000) kazetarien galderak erantzuten baino, baina Oriokori hiru gol egin ostean ulertu eta eskertu du GOIENAren deia. 

4-0 irabazi eta hat trick-a. Pozik, ala?

Oso pozik. Taldeak irabazi izana da pozgarriena, baina aitortu behar dut kategoria honetan hiru gol egitea ez dela batere erraza; orain arteko lehen hat trick-a da maila honetan, eta espero dut azkena ez izatea.

Nola doa denboraldia?

Taldeari dagokionez, lehen helburutzat zehaztu genuen maila mantentzea, bereziki aurreko urteak eskasak izan zirelako. Orain, lehen itzulia amaitu berritan, ea maila mantentzeko gai garen goiko postuetan egoteko. Lehen postua oso zail egongo da, Real Union oso indartsu dagoelako, baina zergatik ez bigarren postua lortzeko lehiatu? Amaierara arte hori izango dugu begiz jota. Ni neu oso gustura nabil, asko jokatzen eta golak egiten.

Aurkari gogorrak datoz...

Hala da: Elgoibar, Oiartzun... Ahalik eta puntu gehien ateratzera joango gara. Eta segi dezala Mojategik gotorleku izaten; ezin da ahaztu egungo lehen bi sailkatuek asko sufritu zutela hemen.

Ezer gaineratu nahi?

Zaleei eskatuko nieke Mojategira joateko; zaleen babesa behar dugu azken txanpa honetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak