Lauzpabost urte dira Santa Ageda abesbatzan belaunaldi gazteak sartzen hasi zirenetik, eta urtez urte indarberritzen ari den ohitura da. "Gazte berri asko sartu dira, indarrez, eta poza ematen du abesbatza horrela ikusteak. Gainera, eguna antolatzeko, errazagoa da guztien artean eginda", azaldu du Luis Sagasta Mane-k, abesbatzako kideak. Hamaiketakoa prestatzen eta ibilbidea diseinatzen aritzen da, besteak beste, Mane, baita batutako dirua kudeatzen ere. "Pandemiako urteetan nabaritu genuen beherakada, baina iaz, esaterako, 6.000 eurotik gora batu genituen eta guztia Arrasateko Caritasera bideratu genuen", adierazi du. Gaineratu du aurten ere "ahalik eta gehien" batzea espero dutela, Caritasi laguntzen jarraitzeko.
Kantu berriak sartzen ari dira
Abenduan hasi zituzten entseguak. "Lehen, gizonezkook bakarrik abesten genuen eta entsegu batekin nahikoa izaten genuen, kantu errazak baitziren. Baina orain, emakumeak ere ari dira eta abesti berri batzuk sartzen ari gara. Esaterako, Iluntzean abestia kantatzen dute emakumezkoek eta Aldapeko sagarraren abestia lau ahotsetara kantatzen dugu. Horrekin batera, iaz hasi ginen Santa Agedako betiko abestia lau ahotsetara kantatzen. Azkenik, Elurra teilatuan-en moldaketa bat ere egingo dugu, hitz barregarriagoekin, umoretik. Halako aldaketak egiten ari gara urtez urte, eta horrek, noski, entsegu gehiago egitea eskatzen du", nabarmendu du Nestor Maidaganek, abesbatzako kideak.
Talde bakoitzak bere ibilbidea
60 bat kidek bi taldetan banatuta egingo dute kantuan. Talde batek erdiguneko banketxeetan hasiko du ibilbidea eta handik Arrasate Herri Eskolako Erguin gunerantz joango da. Ondoren, Arizmendi Ikastolako Uribarriko Haur Hezkuntzako gunera iritsiko da, eta, Bedoñabetik pasatu ostean, Bedoña auzora igoko dira. "Gero, denbora izanez gero, Udalara joango gara. Iaz, adibidez, joan ginen", dio Iñaki Maidaganek, taldeko kideak. Arratsaldean, besteak beste, Olandixon eta ospitalean abestuko dute.
Beste taldeak, 08:00etako mezaren ostean, hamaiketakorako produktuak eskuratuko ditu lehenik. "Otamendi harategira joango gara, kantuan, txorizo batzuk eskatzera. Ogiak Mendizabalen eskatuko ditugu, eta handik Musakolara joango gara. Kataideko industrialdeko lantegi batzuetan eta inguruko baserri batzuetan ere abestuko dugu", dio Mane-k. Eroskin eta Ziorlako ikastetxeetan ere egingo dute geldialdia, eta arratsaldean, besteak beste, Arimazubin eta Bedoñaben izango dira.
14:00etan, guztiek elkarrekin, udaletxean abestuko dute. Hori baliatuta, Udalak babesa adierazi dio abesbatzari. "Lan itzela egiten ari dira transmisio kulturala bermatzeko; gure eskerrik beroenak haientzat. Herritarrak udaletxera etor daitezela!". Ilunkeran, plazan abestuko dute.