Sara Merenderue: ostalaritzak bizi izan zuen beste aro baten adibide garbiari agur

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko urtarrilaren 30a

1996ko ekainean abiatu zuen Edurne Iturbe Bengoak (Arrasate, 1955), Felix Lopez Losada (1955- 2021) senarrarekin batera, Sara Merenderue izango zen abentura. 2026ko sanjuanetan erretiratzeko asmoa zuen Iturbek, baina ez da posible izan. 

Arrasateko etxeko ateak parez pare ireki dizkio Iturbek GOIENAri, eta garden bezain gordin kontatu du urteberriarekin batera izan zuen istripua: "Senarra hil zitzaidan 2021ean, eta lanean jarraitu behar izan nuen, alabak oraindik oso gazteak zirelako. 2026ko sanjuanetan 30 urte bete behar genituen Saran, eta hasierako asmoa zen orduan erretiratzea. Hala ere, urtea ez dut batere ondo hasi: etxeko pasilloan labaindu eta femurraren burua apurtu nuen urtarrileko lehen egunetan. Burdin edo iltze bat daukat sartuta gerritik belauneraino, eta makuluekin ere justu-justu nabil. Egoerak hala behartuta eta aholkulariarekin egon ostean, erabaki dut ekainean beharrean orain erretiratzea".

Sara Merenderue, 1999ko handitze-lanak abiatu aurretik. 

Eraikina erabat berritu zuten

Penaz bizi du Iturbek Sara beste modu batera agurtzerik ez izatea, "ia bizitza osoa" bertan igaro duelako: "Zoragarria izan da arrasatearren eta ingurukoen erantzuna. Ezagun eta lagun asko egin ditugu, eta hori inportantea da bizitzan".

Jatetxeko kanpoko parkerako lanak. 

1996ko ekainean ireki ostean, 1999an handitu egin zuten; asmoa zen 2026ko sanjuanetan ixtea 

Atzera eginda, gerora merenderoa izango zena oso egoera txarrean zegoela gogoratzen du: "Merenderorako baserri zatia goitik behera berritu genuen, teilatua barne. Sinestezina izan zen hasiera, jende asko etortzen zen. Hiru urte iraun genuen beheko jangelaz gain goiko pisuan ere jangela egokitzen, guztira 100 bat lagun. Hala ere, txiki geratu zitzaigun; gogoan daukat, bereziki zapatuetan, bezeroek goiko pisura igotzeko eskailera azpian mahaia jartzeko eskatzen zigutela... Horregatik, jangela handitu egin behar izan genuen; obra egiteko Udalean baimena eskatu eta onartu egin zigutenean, hemeretzi egunez izan genuen itxita, gaur egungo itxura duen merenderoa berriz ireki arte".

Sara merenderoko jangela handitu egin behar izan zuten; irudian, obrak, 1999an. 

Pandemia, inflexio puntua

Eguneko menuekin eta kartarekin hasi ziren, eta gero, urte luzez, karta eta asteburuetako menu berezia izan dira protagonistak. Horrez gain, talde oso handiak ere izan dira Sarako bereizgarri: "Jende askoko bazkari asko izan ditugu; egon dira 200 lagundik gorakoak, adibidez. Bazkalosteak girotzeko rock kontzertuak ere izan ditugu... Lana sendo egin dugu, baina gustuko lana izan da".

Hori bai, 2021eko abenduaren 21ean senarra galdu zuen, eta, gainera, pandemiak eragindako ohitura aldaketak etorri ziren, "zuzen-zuzenean" eragin zietenak: "Pandemiak ondorio latzak utzi zizkigun... Gainera, ukaezina da gaur egungo gazteen ohiturak asko aldatu direla; ez dute zerikusirik gure gaztetako ohiturekin. Pandemia aurretik jendea bazebilen, hasierako urteetako mugimenduarekin alderatzerik ez bazegoen ere".

Edurne Iturbe Bengoa, Arrasateko Jose Luis Iñarra kaleko bere etxean, asteon. 

Kaleko giroak behera egin duela ere uste du Iturbek: "Sara ireki genuenean kaleko tabernak ere goraino beteta egoten ziren, baina gaur egun egoera oso ezberdina da. Musakolan ibiltzen gara gu askotan, eta begi bistakoa da; eguaztenetan pintxo-potea egon arren, lau katu ibiltzen gara. Ikusi besterik ez dago herri barruan zenbat jatetxe itxi dituzten azken urteetan edo ixtear dauden, errelebo faltagatik".

Edurne Iturbe Bengoa: "Sara ireki genuenean kaleko tabernak ere beteta egoten ziren, baina gaur egungo egoera oso ezberdina da; gazteen ohiturak asko aldatu dira" 

2023ko uztaileko sutea

Bestalde, Sara Merenderue albiste izan zen 2023ko uztailaren 15ean, izen bereko ondoko baserria erre zutenean: "Ez zigun ondorio larririk eragin. Ur apur bat sartu zitzaigun eta argindarrarekin gorabeheraren edo beste izan genuen, baina ezer larririk ez; bi egunez bakarrik itxi genuen".

Aurrerantzean Sara jatetxearekin zer gertatuko den ez dakiela dio arduradun ohiak: "Interesaturen bat badago, baina ezer ziurrik ez oraindik. Alokairua ordaintzen ibili gara 30 urte hauetan, eta barruan dagoen guztia gurea da. Gauza asko egoera onean daude eta beste batzuk, ez horrenbeste; baloratu egin beharko da. Orain bertan ondo errekuperatzea da nire lehentasuna, baina suposatzen dut aurrerago jabearekin eta interesa agertzen duenarekin – interesa agertzen jarraitzen badu– negoziatu egin beharko dugula".

"Oso eskertuta gaude"

Amaitzeko, esker on mezua dauka Iturbek: "Sara hartu genuenean uste genuen gehienez bost urte egongo ginela, eta ia 30 urte egin ditugu. Hori babesa sentitu dugulako da, eta oso eskertuta gaude; urteotan egindako lagunak betirako izango dira". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak