Urtarrilaren 12tik aurrera, Arrasateko ZainSare espazioan (Iturriotz kalea 21) etxeko langileei eta zainketen arloan interesa duten pertsonei zuzendutako jarduera berriak martxan jarri dira. Testuinguru horretan, urtarrilaren 31n, zapatua, 15:30etik 18:30era, Etxeko lanerako eta zaintzarako komunikazio-estrategiak izeneko prestakuntza eskainiko da Arrasateko ZainSare guneko bulegoetan. Saioan, besteak beste, honako gai hauek landuko dira: kritikak nola egin eta jaso, molestia edo atsekabea nola adierazi, desadostasunak nola kudeatu eta baimenak enpatiaz nola eskatu.
Izena emateko aukera zabalik
Prestakuntza etxeko zaintzako langileei eta zainketen eremuan lan egin nahi duten pertsonei zuzenduta dago, eta parte-hartzaile guztiek bertaratze-ziurtagiria jasoko dute. Izena emateko aukera esteka honetan edo Judit Garciari deituta (747 42 58 56). Jardueraren informazioa jasotzen duen kartela interesa izan dezaketen pertsonen artean zabaltzeko eskuragarri dago.
Balorazio bilera egin zuten atzo
Arrasateko alkate Maider Morras ZainSare proiektuaren garapena aztertu eta baloratzen aritu zen atzo, proiektuaren parte diren beste eragile eta erakundeekin batera. Gaur egun, ZainSare, ZainLab Hub proiektu zabalago baten parte da, eta, aterki horren pean garatzen ari den proiektu estrategikoena da; zaintzaren eta longebitatearen arloan dauden erronkei erantzuteko sortua; ondorioz, Arrasateko ZainSare espazioa egitasmo horren parte da. "Atzoko saioa transferentzia eta balorazio mahaia izan zen: orain arte egindakoa jaso, lortutako emaitzak aztertu eta egindako lanaren berri partekatu zen, proiektuan modu batera edo bestera aktiboki parte hartu duten eragileekin", adierazi dute.
Bileran, Arrasateko alkateaz gain, Grupo SSIko ordezkariak, Eudeleko ordezkariak eta ZainSare proiektua martxan dagoen beste udalerrietako ordezkariak ere izan ziren.