Ingurunean eragin soziala duten ekimenak bultzatzeko hitzarmena

Eki Letona Erretolatza 2026ko urtarrilaren 29a

Eroskik eta Garaia Parke Tekonolgikoak euren lankidetza indartu dute ingurunean eragin soziala duten ekimenak bultzatzeko. Ahalegin berezia jarri dute talentu femeninoa sustatzeko arlo zientifiko-teknologikoetan.

Mondragon korporazioko kide direnez, bi erakundeek balioak partekatzen dituzte: interkooperazioa, lurralde-errotzea eta balio partekatuaren sorrera. Hitzarmenarekin, elkarlana areagotuko dute, eta askotariko ekintzatan islatuko da, "nabarmentzekoa parkeak urte osoan antolatzen duen ekitaldi programa, arlo jakinei lotua, hala nola iraunkortasuna, osasuna eta ingurunearekiko konpromisoa; arreta berezia jartzen diote berrikuntza teknologikoari, berdintasunean eta kohesio sozialean aurrerantz egiteko tresna baita". 

Ahalegin berezia jarri dute, lankidetza esparru horretan, talentu femeninoa arlo zientifiko-teknologikoetan sustatzen. Alde horretatik, Nesken eta Emakumeen Nazioarteko Egunean eta Emakumearen Nazioarteko Egunean parte hartuko du Eroskik, eta parkeak bultzatzen dituen beste topaketa sozial, dibulgatzaile eta enpresarial batzuetan ere, hala nola, parke teknologikoan egiten duten Gabon Jaian eta Euskararen Egunean. 

Hitzarmenaren sinaduran Irune Mateo, Eroskiren Harreman Instituzionaletako arduraduna eta Idurre Albizu, Garaia parke teknologikoaren Negozio eta Komunikazio arloen Garapenerako zuzendaria egon dira. "Eroskiren ikuspegian, lankidetza giltzarri da gure ingurunean eragin onuragarria sorrarazteko. Garaia parke teknologikoarekin hitzarmen hau eginda, indartu egingo da berdintasuna, kultura eta kohesio soziala sustatzen duten ekimenekin dugun konpromisoa, balio kooperatibo horiek partekatzen baititugu Mondragon barnean gaudenok", adierazi du Eroskiko ordezkariak ekitaldian.

Albizuk, berriz, bi erakundeen lankidetzaren garrantzia nabarmendu du: "Lankidetza funtsezkoa da gure lan ereduan, elkartuta indarrak areagotzen baitzaizkigu eta ikuspegia aberasten perpektiba berri batetik ekinda. Kasu honetan, aukera ematen digu Eroski den enpresa handi hau hurreratzeko Garaia parke teknologikoak garatzen duen jardunera, are sakonagoa eta iraunkorragoa den hitzarmen eta konpromiso batekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak