Markeliñek 'Hodei guztien gainetik' antzezlan berria taularatuko du zapatuan

Ibai Irasuegi Garai 2026ko urtarrilaren 29a

Hodei guztien gainetik antzezlana. Irudia: Jon Kepa Zumalde.

Urtarrilaren 10ean Zornotzan estreinatu zen Markeliñe antzerki konpainiaren Hodei guztien gainetik antzezlana.

Gurasoak umeekin jolastearen garrantzia eta premia azpimarratzea du helburu lanak. Horretarako, "ikusita gurasoek ez dutela denbora askorik pasatzen beren seme-alabekin", jolastearen aldeko mezu bat helarazi nahi izan du antzerki konpainiak. "Kasu honetan, gauza sinpleekin umeek ikusteko jolas bidez gai direla gauzak asmatzeko eta irudimena garatzeko", azaldu du Jon Kepa Zumaldek, Markeliñe antzerki konpainiako zuzendariak.

Etzi, urtarrilak 31, Amaia antzokian taularatuko dute antzezlana. Arratsaldeko bostetan hasiko da, eta sarrerak bost eurotan daude salgai, Internet bidez. Ohikoa den moduan, Markeliñe Arrasaten izango da antzezlana estreinatu eta denbora gutxira. Izan ere, antzerki konpainiak ia lan guztiak taularatu ditu Arrasaten, eta "etxean antzeztea bezala" dela adierazi du Zumaldek: "Oso gustura joaten gara Arrasatera. Harreman estua dugu bertako langileekin, eta espero dugu ikusleekin ere horrela izatea".

Hain zuzen, lanarengatik umeari kasu handirik egiten ez dion aita baten istorioa kontatzen du antzezlanak; kolpe baten ondorioz jolasaren garrantziaz jabetzen hasten den unera arte: "Momentu batean aitak konortea galtzen du, eta bidaia batean murgiltzen da. Bidaia horretan, aingeru itxurako pertsonaia berezi batekin topo egiten du, eta berriro ere erakusten dio jolasak zer-nolako gauzak ematen dituen. Aita galtzen ari dela berreskuraezinak diren haurtzaroko momentu asko".

Duela 41 urte sortu
zuten Markeliñe, eta
konpainiaren 41.
lana da 'Hodei
guztien gainetik'

Familiei zuzenduta dago, eta, Zumaldek azaldu duenez, asmoa da haurrek zein gurasoek antzezlana era desberdinean ulertzea: "Umeek barre egiten dute aita estresatua dagoela umeari errieta egiten ari dela, baina, bestalde, helduek ikusten dute zer dakarren horrek; aitak zer erakusten dion semeari".

Harrera "bikaina"

Duela 41 urte sortu zen Markeliñe. Gaur-gaurkoz, euskal antzerki konpainia beteranoetakoa da, eta, urtarrilaren 10ean aurkeztutako Hodei guztien gainetik lanarekin, 41. lan taularatu ditu dagoeneko. Azkenaren kasuan, estreinaldiaz geroztik, beste bost eszenatokitan taularatu dute, eta ikusle asko batu dira horietan. "Estreinatu genuenerako bagenituen 34 antzezpen kontratatuta. Oso pozgarria izan da gurekin erakutsi duten konfiantza".

Horrez gain, Zumaldek dioenez, orain arte antzezlanak harrera bikaina izan du: "Estreinaldian nabaritu genuen jendeari asko gustatu zitzaiola antzezlana. Edozelan ere, egia esatearren, joan garen beste herrietan ere jendea pozik eta gustura egon da antzerkietan, eta horrek ziurtasun bat eman digu, ikuskizun polita dela eta jendearen arreta deitzen duela ikusi dugulako"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak