Otsailetik ekainera arteko plangintza aurkeztu du Emakume Txokoak eta etxez etxe banatu dute egitaraua. Batetik, Jabetze Eskolari dagokionez, emakumeen askotariko errealitateak eta zapalkuntzak abiapuntu hartuta, "horiei erreparatzeko eta elkarrekin ahaldundu eta eragiteko aukerak lantzeko", prestakuntza eta topaguneak eskainiko ditu. "Lan pertsonala eta kolektiboa, elkar zaintza eta konfiantzazko giroa izango dira Jabetze Eskolaren eskaintzaren oinarrian. Plangintza berriak emakumeon autonomia eta parte hartze soziala eta politikoa sustatzeko helburuarekin lan egiteko proposamena izan nahi du, beste behin", azaldu dute.
Hainbat gai landuko dituzte hilabete horietan: Esaterako, Gure arbasoak, lan bat gure leinu femeninoarekin ikastaroan, genealogia feministak landuko dituzte. "Gure aurretik bidea egin duten emakumeen lana eta erreferentziak jaso, jendartean egin duten ekarpena ikusarazi eta guregan izan duten eragina aztertuko dugu", nabarmendu dute Emakume Txokoko kideek.
Bestalde, Sormen laborategia ikastaroan, Kantuz saretzen topagunean eta irakurketa feministen gunean, hainbat esparrutako emakume artisten lanak ezagutu eta sormena lantzeko inspirazio iturri izango dituzte.
Heteropatriarkatuak ezartzen dituen genero aginduek eta botere harremanek emakumeengan sortzen dituzten indarkeriaz eta zapalkuntzez ohartzeko ere lan egingo dutela azaldu dute: "Lotura afektiboak aztertuz, gorputz eta sexu ahalduntzea landuz, feminismoen oinarrizko kontzeptu eta borrokei erreparatuz, autodefentsa feministan sakonduz, gure ahotsa aktibatuz…". Agindu horiek eragiten dituzten "ezinegonak" landuko dituzte, "eraldaketarako bide kolektiboak" urratuz.
Era berean, zapalkuntza horiek duten oinarri koloniala landuko dute, "arrazakeria eta bazterkeria azaleratuz eta zurion pribilegioak agerian jarriz". Hausnarketa horietarako bideak zabaltzen dituzten guneak izango dituzte, hala nola Cumbia antiarrazista ikastaroa, irakurketa feministen saioak, feminismoak lantzeko tailerra eta emakume migratuen Loratzen topagunea.
Azkenik, emakumeen autonomia eta parte-hartzea sustatzen duten ikastaro praktikoak izango dira, etxeko konponketena edota eskaladarena, esaterako. Norbere gorputza eta ongizatea lantzeko ikastaroak ere egingo dituzte, hala nola Chi Kung, edota berreziketa korporala. Gainera, sormena lantzeko ikastaroak ere izango dira, Suzko idazketa II, Koaderno Botanikoa, Sormen Laborategia II eta abar.
Egitarauan, askotariko ekintzak
Genealogia feministak egiten jarraitzeko eta hausnarketa kolektibo feministak sustatzeko helburuarekin, hainbat kultur ekitaldi antolatu ditu Emakume Txokoak: Esne Berriak bertso-literatur saio musikatua, Uxue Alberdiren liburua oinarri duena; Romani Hadin. Tras las huellas de las mujeres gitanas liburuaren aurkezpen-solasaldia, AMUGE Elkarteko eta Irakurketa Feministen guneko kideekin; Llamalo X antzerki emanaldia, LGTBIQ+ ikuspegia duena; 80 amandre ipuin kontaketa saioa, Dorleta Kortazarren eskutik; eta Zinegoak Hedapena LGTBIQ+ zine emanaldia.
Horrekin batera, martxoaren 7an, zapatua, emakume artisauen eta bertako produktuen emakume ekoizleekin, azoka egingo dute. Gainera, Martxoaren 8an mugimendu feministak antolatu duen manifestazio deialdia ere jaso du Emakume Txokoak egitarauan, eta parte hartzeko deia luzatzen die herritar guztiei.
Informazio gehiago, Emakume Txokoan
Plangintzaren informazio praktikoa edo azalpen gehigarririk behar izanez gero, Emakume Txokoak zabalik ditu ateak astelehenetik eguenera, 10:30etik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara; eta egubakoitzetan, 10:00etatik 14:00etara. Halaber, emakumetxokoa@arrasate.eus helbidera idatzita eta honako bi telefono zenbaki hauetan ere eskatu daiteke informazioa: 943 79 41 39 / 618 20 62 33 (Whatsapp).